euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Berriketari'ren azken aleak koruen bisitak eta Santiago, Valparaiso eta Concepciongo Euskal Zinea aipagai

2009/10/20

Berriketari buletinaren 13. zenbakia
Berriketari buletinaren 13. zenbakia

PUBLIZITATEA

Plazan da dagoeneko 'Berriketari' euskal-txiletar buletinaren 13. zenbakia, Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco senar-emazteak arduradun. Azken ale honek --urrian atera izanagatik abuztuko data daramana-- besteak beste biltzen du Punta Arenas-ko Estadio Español-eko Abesbatzak Santiagoko Euzko Etxera eginiko bisitaren berri, bertako Euskal Abesbatza eta 'Itxaropen Gaztea' dantza taldea anfitrioi; aipatzen du abuztu-iraileko Euskal Zine Zikloa, Santiagon, Valparaison eta Concepcion-en gauzatua; eta Vitrofusion izeneko erakusketa, Ana Mary Olazaran euskal-txiletar artista beiralariak prestatua, hori guztia argazki koloredun ugariz hornitua.

Santiago, Txile. Berriketari biletinaren azken aleak irudiz edertuta biltzen du Santiagoko Euskal Abesbatzak eta Euzko Etxeko 'Itxaropen Gaztea' dantza taldeak hiriburuko euskal egoitzan Punta Arenasko Estadio Españoleko koral patagoniarrari abuztuaren 29an eginiko harrera, senidetasun bazkari bat tarteko, koralak banaka zein bateginik kantuz, eta ororen buru elkarrekin batzean bizitutako giro ezinhobe eta gogoangarria buru.

Abuztu eta irailean egin zen, bestalde, urtero --aurten seigarren urtez-- egiten den Euskal Zine Zikloa, Euskadiko Ordezkaritza eta Txileko Unibertsitate Katolikoa antolatzaile, oraingoan Valparaisoko Unibertsitate Katolikoa eta Concepciongo Unibertsitate Katolikoa ere partaide. Erakustaldia abuztuaren 20tik 31era arte eratu zen Santiagon; abuztuaren 29tik irailaren 2ra Valparaison; eta irailaren 7tik 11era arte Concepcionen. Ikusgai ipinitako tituluak, hauexek: Helena Tabernaren 'La Buena Nueva'; Aitor Arregi eta Jose Maria Goenagaren 'Lucio'; Ana Diezen 'Todo está oscuro'; Antxon Ezeizaren 'Días de humo'; eta Kimuakeko laburmetraien selekzio bat.

Doan hartzen den buletina, Berriketari

Data horiekin hein batean bat eginik --abuztuaren 29tik irailaren 6ra arte-- Santiagoko Euzko Etxeak erakusketa ezohiko bat baitaratu zuen, bestetik, bere Ramon de Muguruza Aretoan, Ana Mary Olazaran artista euskal txiletarrak beiraz eginiko lanak erakutsiz, 'Vitrofusion' izenpean. Olazaran gaztetarik Euzko Etxera lotutako pertsona izan da, momentu batean gazte talde inarrosgarria eta aktiboa izan zen 'Itxarkundia' dantza taldeko partaide. Erakusketa honekin etxera itzultzen da. Zorionak berari eta Euzko Etxeri.

Gai horiez gain, Berriketarik Euskal Abesbatzak orain hilabete batzuk Euskal Herrira egin zuen bidaiako berrien atal berri bat eskaintzen du, Arantzazuko Santutegia eta Oñatiko Upaingoa baserria bisitatuz, euskal alkate eta autoritateak edota Juan Zelaia bera harreragile.

Arbide gehiago edo Berriketari buletina zeure postontzian e-mailez errezibitzeko, aski duzu berriketari@gmail.com helbidera idaztea. Santiagoko Euzko Etxe ko webgunea: www.euzkoetxeachile.cl



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia