euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berriketari aldizkariak 2008ari agur esaten dio Txileko Santiagoko EEaren azken ekimenen berri emanez

2008/12/29

Gero eta gazte gehiago ari omen dira parte hartzen Euzko Etxea-ko ekimenetan eta elkarteko bazkideak pozik agertu dira (argazkia Berriketari)
Gero eta gazte gehiago ari omen dira parte hartzen Euzko Etxea-ko ekimenetan eta elkarteko bazkideak pozik agertu dira (argazkia Berriketari)

PUBLIZITATEA

Txileko Santiagoko Euzko Etxea ekimenez beteriko urte bat bukatzen ari da eta euskal elkarte santiagotarraren bazkideei zuzendutako Berriketari bere barne buletin digitalaren abenduko zenbakiak 2008ko azken hilabeteotako ekitaldi nagusiak biltzen ditu atera berria duen bere zazpigarren alean. Hainbat ekimenen artean Pilota Txapelketaren arrakasta aipatzen du (aldizkariak gazte asko hasi direla pilotan euskal etxean diosku), baita dantza taldearen emanaldiak ere, Gabonetako kontzertua... eta bateko eta besteko beste zenbait saio.

Santiago, Txile. Santiagoko Euzko Etxea pozik agertu da 2008 urteak eman duenarekin, elkartean ekimen asko antolatu baituzte eta gainera bazkideen parte hartzea dotorea izan delako, aitortzen dutenez. Berriketari aldizkariak inpresio on hori azpimarratzen du, batez ere gazteen parte hartzea gero eta handiagoa dela azpimarratuz. Horren arrazoia, besteak beste, Euzko Etxean egin zen Nazioarteko Pilota Txapelketaren arrakasta izan omen da. Txapelketara zenbait herrialdetako pilotari gazte andana polita bildu zen, bakoitza bere herrialdeko ordezkari, eta euren ereduak kirol honetan hasteko animoak eman dizkie bertako neska-mutilei. Gero eta gehiago omen dira Euzko Etxea-ko frontoian pilotan ikasten ari direnak.

Campeonato de Pelota 2008

[Neska-mutilak pilotan jokatzen Euzko Etxea-ko frontoian (argazkia Berriketari)]

Azaroaren 27an III. Musikaldia egin zen Euzko Etxean eta Abesbatzaren euskal kantuek elkarteko bazter guztiak bete zituzten, ekitaldira bildu ziren lagunen gozamenerako. Euskal Koruaren emanaldiaren ostean Andoni Torrontegui tenorea izan zen kantari eta honek Antonio Andrés lagunari taulagainera igotzeko gonbitea egin zion. Andresek, nahiz eta 90 urte dituen, ahots ederra mantentzen duela erakutsi zuen. Jaialdiari bukaeran emanez, Itxaropen Gaztea dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen.

III Tertulia Musical

[Andoni Torrontegui eta Antonio Andrés III. Musikaldian kantari (argazkia Berriketari)]

Urte bukaerako beste ekimen interesgarri bat 'Origen y Trascendencia de Euskadi' (Euskal Herriaren jatorria eta oihartzuna) erakusketa izan zen. Abenduaren 3an inauguratu zen erakusketa, Providenciako Montecarmelo Kultur Zentroan. Erakusketak Euskal Herriko baserrien irudiak eta María Angélica Echavarri eskultore euskal-txiletarraren lanak biltzen zituen.

Origen y trascendencia de Euskadi

['Origen y trascendencia de Euskadi' erakusketaren inaugurazioan, Ignacio Bastarrica, Berriketariako zuzendaria; Euskadiko ordezkaria Txilen, Jon Erdozia; Maria Angelica Echavarri artista eta Osvaldo Rivera (argazkia Berriketari)]

Azkenik, aipatu beharra dago abenduaren 10ean Euzko Etxeak Bazkideen Bilkura orokorra egin zuela eta bertan Zuzendaritza Batzordea berritu zela. Egungo lehendakariak, Jose María Narvartek, karguan jarraituko du beste urte betez eta berarekin batera Iñaki Esnal, Andoni Torrontegui, Pedro Oyanguren, Juan Carlos Lago, Ignacio Bastarrica, Jorge Oyarzún, Magdalena Letamendi eta Juan Mendiburu arituko dira. Ordezko zuzendariak Maite Expósito eta Gonzalo Linazasoro izango dira.

Irudi gehiago gure Argazki Galerian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia