Alemanian eta Suitzan barrena mini-bira hasiko du bihar Berri Txarrak taldeak, "Denbora da poligrafo bakarra" (2014) diskoarekin. Alemanian hiru emanaldi egingo ditu --Berlinen Belako talde euskaldunarekin-- eta bat Suitzan. Gainera, taldea Hegoameriketan bira prestatzen ari da abendurako. Momentuz Sao Paulo, Buenos Aires eta Santiago daude konfirmatuta, baina data berriak gehituko dituzte.
Donostia-San Sebastián. Berri Txarrak taldeak bi urte daramatza errepidean, "Denbora da poligrafo bakarra" azken lanarekin, eta momentuz nafarrek ez dute gelditzeko asmorik agertzen. Ezta beharrik ere, izan ere, musika adituen esanetan, euren zuzenekoa gero eta indartsuago eta biziagoa da eta hainbat kontzertuetan "sarrerak agortuta" kartela jartzen jarraitzen dute.
Bihar bertan taldea Berlinen izango da, Belako taldearekin batera emanaldia egiten Clash aretoan. Etzi Hamburg-en izango dira, Reeperbahn jaialdian (Belako mungiarrek ere parte hartuko dute), eta etzidamu Karlrushe hirian. Larunbatean, hilaren 24an, Suitzako Berna hirian joko dute, Schützenmatte Open Air jaialdian.
Abenduan, Hegoamerika
Horren ostean taldeak Euskal Herrian emango ditu zenbait kontzertu (Durango eta Iruñeako emanaldietan sarrerak agortuta daude dagoeneko), eta abendurako Hego Ameriketan barrena bira ari dira prestatzen, Descendents taldearekin batera. Abenduaren 3an Brasilen izango dira, Sao Paulon; abenduaren 4an Buenos Aireseko Teatro de Floresen, eta abenduaren 7an Txileko Santiagon.
Konfirmatutako data horiei kontzertu eta hiri berriak gehitzekotan dira, taldeko iturriek EuskalKultura.com-i aditzera eman diotenez. Gainera, taldea prest agertu da herrialde hauetako euskal komunitateekin elkartzeko eta euskal etxeetara bisitak egiteko, are gehiago egun horietan Euskararen Eguna ospatzen dela kontuan izanik. Elkarteren batek eurekin harremanetan jartzeko interesa balu, idatzi hona.