euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berri Txarrak musika taldeak nazioarteko bira berria egingo du Japonia, Alemania, Irlanda eta Portugaletik

2007/02/21

Berri Tarrak taldearen 'Jaio.Musika.Hil' azkeneko lanaren argazkietako bat
Berri Tarrak taldearen 'Jaio.Musika.Hil' azkeneko lanaren argazkietako bat

PUBLIZITATEA

Nafarroako Berri Txarrak rock taldeak, Euskal Herritik kanpo proiekzio gehien duen musika formazioak, martxoan bira internazional berria hasi behar du. Oraingo honetan Japonia edota Alemania izango dira bisitatuko dituzten lekuetako batzuk. Azken urteotan nazioarteko bira ugari egin ditu Berri Txarrakek. Iaz Rise Against taldearekin --'hardcore' estiloan onenetarikoak gaur egun-- egindako 2006ko tourrak izugarrizko arrakasta izan zen. Orain martxoaren 16an Taiwaneko Taichung Cityan hasiko duten biraren prestaketan murgilduta dago Lekunberriko taldea.
Berri Txarrak azken hilabeteetan eskeintzen dituen kontzertuen bidez, ateratako azken Jaio.Musika.Hil diskaren abestiak ezagutzera eman ahal izan ditu. Lekunberriko taldeak, aukera hau aprobetxatu nahian, Japonia, Alemania, Irlanda eta Portugaletik igaroko den bira internazionala prestatzen ari da. Biraren lehenengo kontzertuak Taiwanen hasiko dira: martxoaren 16 eta 17an Taichung Cityan eta 18an Taipein. Hurrengo geltokia Japonian izango da, Nagoyan 21ean, 22an Hamamatsun, 23an Shibyan (Tokyo), 25ean Roppongin (Tokyo) eta 27an Sangenjayan (Tokyo).

Hurrengo kontzertuetarako Europara bueltatu beharko dira, Alemaniara zehazki. Kontzertuak hauek izango dira: apirilaren 7an Frankfurten, 9an Hamburgen, 10ean Ochtrupen, 12an Kalshuren, 14ean Dorfenen, 16an Hannoverren, 17an Münchenen, 20an Berlinen eta 21ean Remscheiden izango dira. Kontzertu hauen ostean, taldea Irlandara abiatuko da: 25an Dublinen, 26an Derryn, 27an Belfasten, 28an Galwayen eta 29an Corken. 2007ko bira internazional hau bukatzeko, beste bi kontzertu antolatu dituzte: Alemaniako Kielen maiatzaren 19an eta Portugaleko Lisboan 26an.

Lekunberriko hirukoteak 1997an merkaturatu zuen Berri Txarrak lehenengo diska eta harrezkero euren hurrengo lau lanekin (Ikasten, Eskuak/Ukabilak, Libre © eta Jaio.Musika.Hil) arrakasta eta entzute gero eta handiagoa lortu dute. Jaio.Musika.Hil, 2005 urtean ateratako azken diskan, Ed Rose ekoizle famatuarekin lan egin zuten, Kurt Cobain, The Get Up Kids edo Motion City Soundtrack taldeek lehenago egin zuten moduan.


Lotura interesgarriak

Berri Txarrak taldearen webgune ofiziala
www.berritxarrak.net

Berri Txarrak, 2006ko bira
EuskalKultura.comen argitaratua, 2006ko abuztuaren 8an

Berri Txarrak taldeari egindako elkarrizketa
EuskalKultura.comen argitaratua, 2006ko ekainaren 9an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia