Pare bat egun baino ez dira gelditzen urtea amaitzeko eta Jose C. Paz-eko euskal etxetik abenduko euren azken ekintzen eta urte azken eta hasierako albisteen berri eman nahi digute. Batetik, azken bolada honetan elkarretaratze batzuk egin dituzte euskal etxeko kideek 2014ko ikasturtea behar bezala ixteko. Eta ildo horretan, albiste bereziki on bat iragarriz, 2015ean euskara, Udalaren Ikasketa Zentroan ere irakasten hasiko direla adierazi dute..
Jose C. Paz, Argentina. Hau ez da izango instituziotik kanpo Toki Eder-ek ematen duen lehenengo euskara ikastaroa. 2003tik 2005eko uztailera arte hiriko Hizkuntza Eskolan ematen zuen euskara ikasteko aukera Jose C. Paz-eko euskal etxeak. Alabaina irakaslea José C Paz kanpotik zetorren, bertan ibilbide luzea izandakoa izan arren.
Oraingoan berezia izango da 2015ean irekiko den kurtsoa, irakasle arduraduna euskal etxe bertako ‘harrobikoa’ izango baita: HABEk eta FEVAk kudeatzen duten Euskara Munduan programan trebatzen ari den Martin Colombet izango da, Udalaren Ikasketa Gunean irekiko den oinarrizko ikastaroa, martxoan hasita.
Berria Euskararen Nazioarteko Eguneko topaketan plazaratu zuen euskal etxeak, 2014 urteari amaiera ederra emateko.
Orain, eta instituzioak eskaintzen dituen tailer guztiak aurtengoz amaitu eta gero, merezitako oporrak hartuko ditu euskal etxeak, bi hilabete pasexe barru eta betiko indarrez martxoan bueltatzeko.