euskal diaspora eta kultura
2014/06/13
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Buenos Aires probintziako euskal etxe aktiboenetako bat da Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea eta horren isla hilero plazaratzen duen berri buletinean ikus daiteke. Izan ere, bertan laburbiltzen dira erakundeak antolatzen edota bultzatzen dituen ekimenak.
Azken alea hamabosgarrena izan du, besteak beste honako albisteak bildurik: maiatzaren 11an, eta beste hainbat euskal etxerekin batera, ‘Buenos Aires celebra al País Vasco’ jaialdian hartu zuen parte elkarteak. Jantzi tipikoez jantzita eta euripean, Eusko Hazia dantzari taldeak ere dantzatu zuen Mayo Etorbideko festa erraldoian.
[Zingirako Euskaldunak euskal etxeko muslariak elkarteko barne txapelketan (argazkiaEE)]
Maiatzean baita ere baina 24an, etxeko Mus Txapelketaren bigarren saioa burutu zen hiriko Deportivo Klubean. Jardunaldiko irabazleak Nestor Fuentes eta Luis Moreno izan ziren. Barne lehiaketak bihar, ekainaren 14an, jarraituko du arratsaldeko 6:30etan, euskal etxearen egoitzan. Gogora dezagun partida hauetatik San Nicolasen egingo den Txapelketa Nazionalean Chascomuseko euskal etxea ordezkatuko duen bikotea aterako dela.
[Euskal chascomustarrak ere Gure Esku Dago katearen partaideak (argazkiaEE)]
Gure Esku Dago herri dinamikaren proposamena Chascomusera ere iritsi zen bi txandatan gainera. Alde batetik, maiatzaren 25ean hitzaldi bat eman zuten Dani Oiarbide eta Ioar Oteiza ekimenaren ordezkariek. Bestetik, ekainaren 7an, Euskal Herrian egin zen egunaren bezperan, euren Giza Katea osatu zuten Zingirako Euskaldunak-eko kideek.
Euren aldetik, euskal etxeko sukaldariek ere badute lan handia euren sukaldaritza tailerra antolatzen. Hilean bitan elkartzen dira eta hurrengo hitzordua ekainaren 23an izango da, elkartearen egoitzan.
Kirol arloan, eta esku pilotan hain zuzen, jardunbide handia du Zingirako Euskaldunak-ek. Jardunbidea eta baita proiektuak ere. Ekainaren 7an etxeko Estanislao Alfonsin eta Lorenzo Vazquez pilotariek Parana hirian burututako entrenamenduan hartu zuten parte. Entrenamenduan Mexikon egingo den Munduko Txapelketarako hautatze probak egin ziren.
Berri hauek aipatzearekin batera, gonbite bat luzatzen du euskal etxeak. Diasporako beste hainbat elkartek egingo duten moduan, Chascomusekoak ere ospatuko ditu Sanferminak. Hitzordua uztailaren 6an da izango da, eguerdiko 12:30etan, Marcha elkarteko instalazioetan. Bazkariko menua etxeko sukaldaritza tailerreko kideek prestatuko dute eta arratsaldean zehar Eusko Hazia taldeko dantzariek euren koreografiak taularatuko dituzte. Erreserbak egiteko, Zuzendaritza Batzordeko kideekin jarri behar da kontaktuan (maureguilarranda@gmail.com).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus