euskal diaspora eta kultura
2010/05/17
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Luxu handiko jaia izan da gaur gure komunitateari eskaini dioguna”, iritzi zioten Euskaltzaleak-eko arduradunek EuskalKultura.com-i ekitaldia bukatutakoan. “Maiatzako Iraultzatik joan diren berrehun urteotan, Argentinara etorri ziren euskaldunen eta argentinarron historiak bereziezinak egiten zaizkigu gehienetan. Eta gure gaurko gonbidatuek, Eduardok, Egoitzek eta Gorkak lan ederra egin dute ideia hori ondo geuregana genezan”, zioen erakundeko lehendakari Teresa de Zavaletak.
Egitaraua zintzo betez, larunbatean, maiatzaren 15ean, gaueko 9ak aldera hasi zen ekitaldia Mexiko kaleko euskal egoitzan. Berrogeita hamar bat lagun bildu ziren Eduardo Torry soziologoak “Euskal identitatea Argentinan, lehenengo mendeurrenetik bigarrenera” izeneko mintzaldia entzutera. "Aditu batzuen arabera", azaldu zuen Torryk, "euskal Diaspora aipatzerakoan, euskal marratxodunei buruz behar dugu mintzatu, esan nahi baita euskal-argentinarrez, euskal-uruguaitarrez edo euskal-estatubatuarrez. Horrek bitariko identitatera garamatza, baina bi osagaiak ez dira maila berekoak. Esaterako, Argentinaren kasuan nazionalitate argentinarra eta jatorri euskalduna esan ohi dugu, elkarren osagarri; ez genituzke beraz bi identitate aipatuko, bakarra baizik, euskal-argentinarra, marratxoak lotzen dituen bi osagaiek baturik ematen dutena, bata besteari lotua”.
[Ekin Dantzari Taldeko kide batzuek "Agurra" eta "Esku Dantza" dantzatu zituzten hitzaldiaren ondotik (argazkia EuskalKultura.com)]
Hitzaldia bukatuta, Ekin Dantzari Taldeko kide batzuek “Agurra” eta “Esku Dantza” eskaini zizkioten bildutako publikoari. Baina musika ez zen hor isildu. Lagunen arteko afariaren ondoren, Egoitz Zelaia eta Gorka Berasategiren eskutik omenaldi zirraragarria egin zitzaion Pello Mari Otañori. Hasteko Jon Luko Euskaltzaleak-eko ikasleak haren “Amerikako Panpetan” olerkia irakurri zuen. Ondoren gazte euskaldunek eurak musikatutako Otañoren bertsoak abestu zituzten euskaraz, gitarraz lagunduta, gaztelaniazko bertsioa ere emanez.
[Egoitz Zelaia eta Gorka Berasategi Otañoren bertsoak kantatzen Buenos Aireseko Euskaltzaleak euskaltegian joan den larunbatean, maiatzaren 15ean, 2010]
[Egoitz Zelaiak eta Gorka Berasategik Otañoren "Zazpiak Bat" abestu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
Zazpi ahizparen gai dan oihala ebakirikan erditik, alde batera hiru soineko utzirikan lau bestetik. Guraiziekin bereizi arren, bakoitza bere aldetik, ezagutzen da jantzi dirala zazpiak oihal batetik.
Arbola baten zainetatikan sortzen diran landareak bezela gera, Bidasoaren bi aldetako jendeak: berdinak dira gure jatorri, ohiturak eta legeak, Ama Euskerak magal berean hazitako senideak. (Zazpiak bat, Otaño 1900)
Bukatzeko, Mexiko kaleko euskal etxean bilduta zeuden hainbat laguni buruz bertsoak inprobisatu zituen Egoitz Zelaiak eta, hara ezustea, bat baino gehiago ausartu zen erantzutera. Horrela ospatu zen Argentinako Bigarren Mendeurreneko lehenengo jaia Euskatzaleak-en eta jadanik prest dago bigarrena, maiatzaren 29an.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus