euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berrehun bat Saralegitar bilduko dira larunbat honetan Mar del Platako Denak Baten, familiakoen seigarren bilkuran

2023/11/24

16 urteren ondoren, Saralegui familiako 200 kide inguru bilduko dira bihar Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean
16 urteren ondoren, Saralegui familiako 200 kide inguru bilduko dira bihar Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina. Argentinako Saralegui familiakoak [EuskalKulturak orduan islatu zuenez] 2007an egin zuten azkeneko famili-elkarretaratzea, San Isidron, egin ere. Bihar, azaroaren 25ean, larunbat ilunabarrean, 16 urte osteko bilkura berria egingo dute, seigarrena, oraingoan Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean. Berrehun bat izango dira, Uruguaitik eta Argentinako hainbat lekutatik etorriak. Berriro elkartzearen emozioarekin eta edizio berriro bat egiten duten ahaide berriak ezagutzeko itxaropenarekin, honakoan partaideaK Buenos Aires hiritik, Buenos Aires probintziako hainbat herritatik, konparazio La Plata, San Isidro, Mercedes eta Mar del Plata bertatik, Tucumán probintziatik eta Montevideotik datoz, besteak beste.

Patxi Saralegui-k, Mercedeskoa berau, familiaren zuhaitz genealogikoa osatu zuen eta lehen topaketa antolatu 1988an. Geroztik hiru liburu argitaratu ditu familiaz, azkena 2020an

Lehenengo Topaketaren 25. urteurrena betetzen da aurten. Antolaketa, Buenos Aires probintziako Mercedes-eko Francisco “Patxi” Eduardo Saralegui Doldán kriminologoari zor zaio. Geroztik, bere zuhaitz genealogikoa osatu eta familiaren historia ikertu eta emaitzak hiru liburutara isuri ditu: "Los Saralegui en la Argentina y en el País Vasco Navarro", (Saralegitarrak Argentinan eta Euskal Herrian), 1997an argitaratua; "Los Saralegui en el Río de la Plata" (Saralegitarrak Rio de la Platan), 2001ean argitaratua; eta hirugarren bat, "Capítulo Tres de los Saralegui"  (Saraleguien Hirugarren atala) izenekoa, Buenos Airesen pandemia betean argitaratua, 2020an.

Gazteenak, Denak Bat-eko dantzari dira

Abizen bera daramaten pertsona guztiekin familiaren historiaz ikasten zihoana partekatzeko asmoz, 1998an antolatu zuen Patxi Saraleguik lehenengo famili-topaketa, hiriburuko Eusketxe edo Eusko Kultur Etxean. Bilera arrakastatsu hartara berrehun bat lagun bildu ziren jadanik. Bigarren topaketa Exaltación de la Cruz herrian, Buenos Aires probintzian, egin zen, 2000. urtean. Hirugarrena, 2001ean, hiriburuko Laurak Baten. Laugarrena, ostera, 2005ean, eta bosgarrenarekin, 2007 urtekoarekin alegia, San Isidroko Carmen Arriola de Marín ikastetxean gauzatu zen.

2023ko honakoan herria eta egoitza estreinatuz, seigarren topaketa hau jendetsua eta ilusioz betea izango dela segurta deiteke. Bestalde, lekuko aldaketa izan da antolaketari dagokionez eta jaso dutenak Chivilcoyko Saraleguitarrak izan dira, gaur egun Mar del Platan bizi diren haien ondorengoak hobe esateko, euren belaunaldi gazteenean Denak Bat Euskal Etxeko partaide eta kide aktibo direnak.

Parte hartu nahi dutenek 223512 9438 telefonora deitu dezakete eta Claudiarekin mintzatu.

Zorionak, eta izan topaketa on!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia