euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berrehun bat dantzari bildu ziren Cañuelaseko Denak Batek eratutako Aberri Eguneko Dantzari Topaketan

2009/04/15

Cañuelasera Dantzarien Topaketan parte hartzera iritsitako gazteetako batzuk (argazkia infocanuelas.com)
Cañuelasera Dantzarien Topaketan parte hartzera iritsitako gazteetako batzuk (argazkia infocanuelas.com)

PUBLIZITATEA

Cañuelaseko Dantzari Topaketak berezko lekua lortu du Argentinako euskal dantzarien urteko egutegian. Orain dela hiru urte Denak Bat euskal etxekoei Aberri Eguna dantzarien topaketa batekin ospatzea bururatu zitzaien. Hasieran erronka handiegia zirudien, Argentinan dauden distantziengatik, baina urteak pasa ahala gainditu egin da erronka hori eta aurten hainbat etxeetako berrehun bat dantzari elkartzea lortu da. Topaketa martxoaren azkeneko asteburuan gauzatu zen eta izandako arrakastarekin hitzorduak berretsi egin du bere lekua Argentinako euskal komunitatearen urteroko ekitaldi esanguratsuen artean.

Cañuelas, Argentina. Eguerdi aldera hasi ziren heltzen martxoaren 28an  dantzariak Buenos Aires probintziako Cañuelasera. Ilunabarrean ekingo zioten jaiari, euskal danborrada Del Carmen, Lara, San Martin eta Libertad kaleen artean zaratari hasi zenean. Herriko plazan prestatutako agertokira heldutakoan, herriko dantza taldeak ireki zuen ikuskizuna Lore Arkua dantzarekin. Ondoren, Denak Bat-eko kideek danborrak eta barrikak eta horren ostean etxeko abesbatzaren aurkezpenaren txanda izan zen.

Koruak zenbait kantu eskaini ondotik, talde gonbidatuak hasi ziren pasatzen taula gainetik, Bakoitza bere dantza baten eskusteko: Mar del Platakoak, Ezpatadantza eta Dagak; Bahia Blancakoak, Kaxarranka eta Kaskarot; Arrecifeseko taldeak, Azkaindarrak; Cañuelasekoak berriro igo ziren dantzalekura Arku dantza egitera; La PLatakoak, Akelarre; Buenos Aireseko Ekin Dantzari Taldeak, Amikuztarrak, Zuberoako Makil Dantza, Tafallako Jota eta Kontrapas; Maipukoek, Eusko Irudiak; Rosariokoek, Makil Dantza; Buenos Aireseko Accion Vasca taldeak, Zuberoako Maskarada; eta Chascomuskoek, Arku mistoak. Bukatzeko, Denak Bat-eko dantza taldeak Fandango eta Arin-arin aurkeztuz eman zion azken agurra dantzaldiari.

Argentinako urteko euskal dantzari gazteen egutegian

Baina dantzarien euskal hitzordua ez zen hor geratu. Afaldu ondoren eta euskal etxeko egoitzan dantza taldeak eta gainerako partaideak (Villa Maria, Saladillo eta Lapridatik etorriak) erromeria handi batez gozatu zuten. Jaian, euskal dantzak eta Argentinako dantza tipikoak ere ikusi ahal izan ziren bertako folklore talde batek musika argentinarra ere jo baitzuen ordu txikiak arte.

Cañuelaseko Topaketa honen lehenen urtean, 2007an, hirurogeita hamar bat dantzarik hartu zuten parte. Kopurua handituz joan da eta iaz ehun dantzari inguru bertaratu ziren Denak Bat-ek eginiko bilkurara. Aurten, partaide kopurua bikoiztu egin da eta berrehun bat dantzarik baino gehiagok baietz esan diote Cañuelasek luzatutako gonbidapenari. Dantzari batzuek 500 kilometrotik gora egin behar izan badituzte ere, ez zuten jaialdian egoteko aukera galdu nahi. Aurtengoan berretsitako  arrakastaren ondotik, egia bilakatzen ari da Topaketara bildutako zenbaitek EuskalKultura.com-i esandakoa:  Cañuelasko Aberri Eguneko Dantzari Topaketa hau Argentinako euskal komunitatearen hitzordu 'nahitaezko' bilakatzen joan dela, merezimenduz lortu baitu euskal etxe askotako gazteen egutegian sartzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia