euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxagak 'Zazpi etxe Frantzian' eleberria izan zuen hizpide Bruselako Passa Porta jaialdian

2011/03/30

Bernardo Atxaga eta Maria Gonzalez Encinar, Bruselako Cervantes Institutuko zuzendaria, hitzaldian (argazkia Manga Ancha)
Bernardo Atxaga eta Maria Gonzalez Encinar, Bruselako Cervantes Institutuko zuzendaria, hitzaldian (argazkia Manga Ancha)

PUBLIZITATEA

Bruselan izan zen iragan asteburuan Bernardo Atxaga, nazioarteko sona handiko zenbait idazlerekin batera Passa Porta literatura jaialdian parte hartzaile. Atxagak hitzaldia eman zuen igandean La Monnaie antzokian, hiriburu europarreko Cervantes Institutuko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldian. Asteasuarra 'Zazpi etxe Frantzian' eleberriari buruz solastu zen, besteak beste. Hitzaldia Etxepare Euskal Institutuak eta Cervantes Institutuak 2011ko urtarrilean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren barruan sustatu dute.

Brusela, Belgika. Bi urtean behin egiten da Bruselan Passa Porta Literatura Jaialdia eta nazioarteko idazle ospetsuak bildu ohi dira bertara. Aurtengo gonbidatu zerrendan, Bernardo Atxaga euskaldunarekin batera, besteak beste Orhan Pamuk Nobel sariduna, Philippe Claudel, Péter Esterházy, Jens Christian Grøndahl, Douglas Kennedy, Andrea Levy, David Mitchell, Gonçalo M. Tavares, eta Sandro Veronesi ikus zitezkeen.

Igandean eman zuen Atxagak hitzaldia, jendez mukuru zegoen La Monnaie antzokian. Bruselako Cervantes Institutuko zuzendariak, Maria Gonzalez Encinas-k, aurkeztu zuen ekitaldia. Euskal idazleak 'Zazpi Etxe Frantzian' lana izan zuen hizpide, eta idazlearen motibazioaz eta inspirazioaz ere jardun zuen asteasuarrak. Irakurleak ere izan zituen gogoan Atxagak, idazleak sortzen duena zabaltzeko eta biderkatzeko dohaina dutela azalduz.

Ekitaldia Bruselako Euskadiren Ordezkaritzak eta Etxepare Institutuak antolatu duten Euskal Kultura eta Talentuaren 1. Ziklo Europarraren barruan egin zen. Ziklo hau Bruselako Ordezkaritzaren 25. urteurrenarekin batera jarri zen abian eta datozen bi hilabeteetan beste ekitaldi batzuk egingo dira Bruselan bere baitan. Etzidamu bitartean ikusgai da Europako Legebiltzarrean 'Ghost in Armour' erakusketa; Euskal Herriko, Gales-ko eta Alemaniako Rhur-eko industrialdeen eraldaketari buruzkoa. Apiril hondarrean, euskal parte hartzea izango da Bruselako Film Laburren Jaialdian eta maiatzaren 20ean Xarnege folk taldeak kontzertua emango du hiriburu europarrean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia