euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxagak New Yorkeko PEN World Voices jaialdian parte hartuko du apirilaren 27tik maiatzaren 3ra

2009/04/08

Bernado Atxaga idazlea (argazkia BassoCannarsa)
Bernado Atxaga idazlea (argazkia BassoCannarsa)

PUBLIZITATEA

Bernardo Atxaga idazle eta poeta euskaldunak 'PEN World Voices' Nazioarteko Literatur Jaialdian parte hartuko du hil honen bukaeran. Jaialdi honek mundu osoko egile ezagunak biltzen ditu --aurten Paul Auster, Antonio Tabucchi eta Walter Mosley, besteak beste-- eta AEBetako PEN Club idazle elkarteak antolatzen du. Atxaga 2006ko edizioan izan bertan lehen aldiz eta orduan beste ekitaldi batzuen artean Frank Bidart poeta euskal kaliforniarrarekin batera mahainguru batean parte hartu zuen.

Nueva York, EEUU. New Yorkeko Nazioarteko Literatur Jaialdiak aurten 'Eboluzioa/ Erreboluzioa' gaia izango du hizpide, apirilaren 27tik maiatzaren 3a bitartean. AEBetako idazle eta literatur zaleen PEN Club-ak sustatzen duen jaialdiak bostgarren edizioa betetzen du aurten eta oraingoan ere mundu osoko gaur egungo idazle sorta interesgarria ekarriko du Sagar Handira. Parte hartuko duten 41 herrialdetako 160 idazleen artean Bernardo Atxaga izango da, 2006ean egin zuen bisita errepikatuz. Jaialdiak aipatutako gaiak aztertuko ditu idazleen kultura desberdinen ikuspuntu anitzetatik eta moldeak ere anitzak eta berritzaileak izango dira: mahainguruak, irakurraldiak, zine emanaldiak, itzulpen 'slam' bat eta Kabaret Gau bat Lou Reed kantaria eta James Franco eta Parker Posey aktoreekin, besteak beste.

Asteasuko egilearen lehen ekitaldia ostegunean, apirilaren 30ean izango da, 'Gaztelerazko literaturaren joerak' gaiari buruzko mahainguruan. Ekitaldian Atxagarekin batera Javier Calvo espainiarra, Enrique Vila-Matas kataluniarra eta Santiago Roncagliolo peruarra izango dira. Barbara Epler estatubatuarra izango dute moderatzaile. Ekitaldia 16:00tan egingo da New Yorkeko Cervantes Institutuan (211–215 East 49th Street). Sarrera doan.

Munduko ahotsak

Atxagaren bigarren hitzordua maiatzaren 1ean izango da, Unterberg Poetry Center aretoan (1395 Lexington Avenue). Munduko herrialde desberdinetako idazleen irakurraldi bat izango da, 'Readings from Around the Globe' izenburupean. Atxagarekin batera parte hartu dutenak Petina Gappah (Zimbawe), Mariken Jongman (Herbeherak), Michael Ondaatje (Sri Lanka/Kanada), Daniel Sada (Mexiko), Hwang Sok-yong (Korea), Antonio Tabucchi (Italia) eta Colm Tóibín (Irlanda) izango dira. Ekitaldia 19:30tan hasiko da eta sarreren prezioa 20 dolar izango da (15 dolar PEN Club-eko kideentzat).

Jaialdiari buruzko informazio gehiago bere webgunean: www.pen.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia