euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxagak euskal kulturari leihoa ireki zion Manhattanen bere izena duen katedrarekin

2011/09/19

Bernardo Atxaga iragan ostiralean New Yorkeko CUNYko Graduate Center-en eman zuen hitzaldiaren une batean (argazkia Koitz)
Bernardo Atxaga iragan ostiralean New Yorkeko CUNYko Graduate Center-en eman zuen hitzaldiaren une batean (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

Leihoa ireki zuen joan den ostiralean Bernardo Atxaga idazleak (Asteasu, 1957) New Yorkeko CUNY unibertsitatean. Bi aldetara argiari bidea egin behar dion leihoa: euskal kultura Manhattanera ekarriz, baina baita ere Manhattaneko kultur aniztasuna eta energia Euskal Herrira helaraziz. Etxepare Institutuak sustatu duen 'Bernardo Atxaga Chair in Basque Literature and Linguistics' katedrari esker euskal idazleek Sagar Handian mintegiak eman ahal izango dituzte .

New York, AEB. Iragan ostiralean mintzaldia eman zuen Bernardo Atxaga idazleak CUNY unibertsitateko Graduate Center aretoan, eta mintzaldi honekin inauguratu zen ofizialki idazle asteasuarraren izena duen katedra. Entzuleen artean, Blanca Urgell Kultur Sailburua, Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuko Zuzendaria; Mari Jose Olaziregi, Etxepareko Euskara Zuzendaria eta José Del Valle, Hizkuntza eta Hispaniar eta Luso Brasildar Literatura programaren zuzendaria izan ziren. Eurekin batera Atxagaren emaztea eta alabak, eta asteartean idazlearekin errezitaldi poetikoa eman zuen Jabier Muguruza musikari eta poeta.

Hitzaldiak 'Kultura eta aldaketa politikoa Euskadin' izenburua zuen eta New Yorken bizi diren euskaldun asko ere bertan izan ziren, euskal kulturaren aurkezpen ekitaldi honi babesa emanez: Mikel Urmeneta, Kukuxumuxu enpresako diseinatzailea, Amaia Arberas sopranoa, eta Edurne Pasaban mendigoizalea, besteak beste. 

Atxaga Katedra NY 2011 1

[Mintzaldiak ikasleak eta lagun asko bildu zituen CUNYko graduate Center-eko aretora (argazkia Koitz)]

Euskara mapan jarri

Hitzaldian Atxagak euskal kulturak munduratzeko gainditu behar izan dituen estereotipoak aipatu zituen eta literatura estereotipo horiek gainditzeko bide bat dela esan zuen. Hala ere, euskal kultura mapan jarri beharra dagoela aipatu zuen: "Zerbait mapan jartzean, ikusezina dena ikusgai egiten da. Honek esan nahi du ez dela nahikoa existitzearekin, baizik eta ordezkatuta egon behar dela, eta norbaitek lan egin behar duela zerbait mapan egon dadin". Lan horretan Bernardo Atxaga katedrak erresonantzia kaxa lana egin dezakeela ere gaineratu zuen.

Atxaga Katedra NY 2011 2

[Talde argazkian Bernardo Atxaga, Asun Garikano emaztearekin eta alabekin, Blanca Urgell Kultur Sailburua; Aizpea Goenaga, Etxepare Instituaren Zuzendaria; Mari Jose Olaziregi, Etxepareko Euskara Zuzendaria eta Jabier Muguruza musikari eta poeta (argazkia Koitz)]

Hitzaldi honekin borobildu zuen Atxagak astebetez New Yorken CUNYko Graduate Center-eko ikasleei  eman dien mintegia. Bernardo Atxaga Katedrak literatura eta euskal hizkuntzalaritza jorratuko ditu eta urtean behin edo bitan euskal idazle eta literatur adituak ekarriko ditu Sagar Handira, mintegi bereziak ematera. Idazle horiek, Etxepare Institutuaren arduradunek agertu zuten izpirituari jarraituz, Euskal Herria Manhattanera ekarriko dute, baina bueltako bidaian Manhattanen zatitxo bat ere eramango dute etxera.

Jarduerak Manhatttanen

 

Etxepare Euskal Institutuak, CUNYko Graduondoko Zentroak eta New Yorkeko Euskadiko ordezkaritzak antolatutako astebeteko egitarauko azken ekitaldia izan zen inaugurazio ofizial hau. Astean zehar, hainbat jardueren bidez, New Yorkeko publikoak euskara eta euskal literatura ezagutzeko aukera izan zituen. Hasteko, Mari Jose Olaziregik (Etxepareko Euskara Zuzendaria eta Atxagaren obran aditua) Asteasuko idazlearen obraz hitz egin zuen. 

Asteartean, Atxagak “Katuak eta paradisua” izeneko poesia errezitaldi bat eskaini zuen Jabier Muguruza musikariarekin eta Amaia Gabantxo itzultzailearen laguntzarekin. Ikuskizuna euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izan zen, eta musika eta literatura uztartuko zituen. 

Zineak ere izan zuen bere tokia. Izan ere, Aizpea Goenagak zuzendutako “Zeru horiek” filma ikusi ahal izan zen ostiralean, Atxagaren izen bereko eleberrian oinarritutakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia