euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxaga Sant Jordi eguneko pregoilari izan zen, Bartzelonako Liburutegi Sareak aukeratuta

2009/04/23

Atxaga Jordi Hereu Bartzelonako alkatearekin, udaletxeko Saló de Cent aretoan (argazkia LGuerrero)
Atxaga Jordi Hereu Bartzelonako alkatearekin, udaletxeko Saló de Cent aretoan (argazkia LGuerrero)

PUBLIZITATEA

Bernardo Atxaga euskal idazlea Bartzelonako Sant Jordi eguneko pregoilari lanetan aritu zen atzo, kataluniar hiriburuko Liburutegi Sareak gonbidatuta. Kataluniako patroiaren eguna Liburuaren Nazioarteko Eguna ere bada eta hori dela eta kultur eta literatura jarduera ugari egingo dira Bartzelonan gaur. Atxagak bera, adibidez, liburuak sinatuko ditu argitaletxeek Rambletako pasealeku ezagunean jartzen dituzten standetan. Arratsaldeko lauetan idazle asteasuarra Euskal Etxearen standean ere izango da. Hilabete honetan eta maiatzean zehar Euskal Etxeak Literaldia'09 antolatu du, euskal literaturari buruzko jaialdia.

Bartzelona, Katalunia. Bernardo Atxaga idazleak irakurtzeko denboraren kalitatea berreskuratzearen aldeko deia egin zuen atzo Sant Jordi eguneko bezperan Bartzelonako udaletxeko Saló de Cent aretoan eskaini zuen pregoian. Asteasuarrak eskerrak eman zituen, pregoia egiteko aukeratua izatea ohore handia dela azpimarratuz eta hitzaldia katalanez eskaini zuen, Rosa Mora kazetariaren laguntzarekin.

Bartzelonako Liburutegi Sareak aukeratu du Atxaga aurtengo pregoilari bezala, euren esanetan, besteak beste, bere ibilbide literarioarengatik (Atxagaren lanak 27 hizkuntzatara itzuliak izan dira), bere konpromezu etikoengatik, irakurtzearen garrantziari buruzko hausnarketengatik eta bere liburuek Liburutegi Sare honetako irakurleen artean duten harrera onarengatik. 

Liburuak sinatzen Ranbletan

Gaurko eguna ere Bartzelonan emango du Atxagak eta kultur ekitaldi eta jarduera desberdinetan parte hartuko du. Arratsaldean argitaletxe eta liburudendek Ranblen Pasealeku ezagunean jartzen dituzten standetan izango da, liburuak sinatzen. Arratsaldeko bira hau 16:00tan hasiko du, Bartzelonako Euskal Etxearen 'parada' edo standean. Euskal Etxeak liturarekin harreman estua du eta, izan ere, egunotan Literaldia izeneko literatur jaialdia egiten ari da, Euskal Herriko gaur eguneko literatura Bartzelonara ekartzeko asmoarekin. Euskal Etxeko standa 215. zenbakiduna da eta Colom frontoiaren parean dago.

Jarraian euskal idazle eta poetak Katalunian bere liburuak argitaratu eta saltzen dituzten erakundeen standetan izango da. 17:00tatik 18:00tara La Central-eko standean, 18:00tatik 19:00tara La Casa del Llibre dendaren standean, 19:00tatik 20:00tara El Corte Inglés-en standean eta 20:00tatik 21:00tara Bertrand liburudenden standean. Sinadurak eskatzera doazkion irakurleen artean batek baino gehiagok izango du eskutan Atxagaren azken lana, 'Zazpi etxe Frantzian', Pamielak euskeraz argitaratu eta hilabetera katalanez, gazteleraz eta galegoz ere plazaratua izan baita. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia