Mexikoko euskal komunitateak gonbidatu berezia izango du aurten Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan: Bernardo Atxaga, egungo euskal idazlerik entzutetsuenetako bat. Atxagan Mexikon izango da datorren astean, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokan parte hartzeko.
Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak jakitera eman du berriki Bernardo Atxaga idazleak datorren astean Mexikon egingo dituen hitzaldi eta ekitaldien agenda. Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokan izango da, eta abenduaren 3an, Mexikon DFko Euskararen Nazioarteko Eguneko jardueretan parte hartuko du.
Atxagaren ekitaldi-agenda abenduaren 1ean hasiko da, Guadalajarako Liburuaren Nazioarteko Azokan. Latinamerikako liburu azokarik garrantzitsuena da hau. Atxagak hitzaldia emango du "ECOS de la FIL" sailaren baitan, goizeko hamaiketan, eta arratsaldeko bostetan "El placer de la Lectura" saioetan izango da, José Manuel Sánchez Ron, Luis Goytisolo, Eduardo Lago eta Rodrigo Fresán idazleekin.
Biharamunean, abenduaren 2an, Atxagak beste hitzaldi bat eskainiko du "ECOS de la FIL", atalean, eta arratsaldez, 18:00tan, bere azken liburua aurkeztuko du: "Nevadako Egunak" delakoa.
Euskararen Eguna
Abendauaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Atxagak munduan zehar euskal hizkuntzaren festa ospatzen duten euskaldunekin bat egingo du, bere kasuan Mexiko DFtik. Hiriburuan, idazle gipuzkoarrak hitzaldia emango du Bellas Artes jauregian. Arratsaldeko zazpietan izango da, Javier Aranda idazlea aurkezle, eta sarrera librea eta doakoa da.
Amaitzeko, abenduaren 4ean Atxaga Mexiko DFko unibertsitateetako euskara ikasleekin bilduko da. Goizez Iberoamericanan izango da, eta "Alfabeto de literatura infantil" hitzaldia emango du. Ondoren, unibertsitateko irratian elkarrizketa egingo dio Joseba Buj euskal idazleak Atxagari. Buj Mexikon bizi da eta Iberoamericanako irakaslea da. Arratsaldean Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM) unibertsitatean izango da Atxaga eta hango euskara ikasleekin solastuko da.