euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe poeta europar berrien artean AEBetan argitaratu den antologia baten arabera

2008/04/18

Bernardo Atxaga idazlea iaz New Yorken eman zuen mintzaldi batean
Bernardo Atxaga idazlea iaz New Yorken eman zuen mintzaldi batean

PUBLIZITATEA

New European Poets da europar poesia berriaren antologiaren izenburua eta egileak Kevin Prufer eta Wayne Millar literatur adituak izan dira. Liburua argitaratu berria da Estatu Batuetan, Graywolf Press argitaletxearen eskutik. Antologiak XX. mende bukaerako eta XXI. mende hasierako 270 idazle europarren lana jasotzen du, tartean Kirmen Uribe eta Bernardo Atxaga euskaldunak ere agertzen direlarik. Egileek azaldu dutenez 'egungo europar poesiari buruz ingelesez egiten den lehen antologia' da hau eta ingeles, frantses, espainiar edo errusiar tradizioko egileak biltzeaz gain euskaraz, gaelikoz edo sumi hizkuntzan idazten duten ahots berriei ere tartea egiten die.
Bernado Atxaga eta Kirmen Uribe euskaldunak Europako poeta berri nabarmenen artean agertzen dira New European poets antologian. AEBetan plazaratu berria da liburua eta 1968az geroztik argitaratutako poesiaren azterketa sakona egiten du. 'Federico Garcia Lorcaren ondoren adin nagusitasuna eskuratu duten poeta belaunaldi berri' honen bilduma egiteko AEBetako editoreek Europako herrialde desberdinetako 24 editoreen laguntza izan dute.

Egileen artean askok euren poemak lehen aldiz ingelesera itzulia eta AEBetan argitaratua ikusiko dute lan honekin, baina ez da hori Uribe eta Atxagaren kasua, azken urteetan euren lana AEBetan eta ingelesa hitzegiten duten beste herrialdeetan ezagutzera eman dutelako. Atxagaren liburu asko, adibidez 'Soinujolearen semea', ingelesera itzuliak izan dira jada eta gainera egile asteasuarra AEBetan bizi da egun, bere elaberri berrirako ikerketa Renoko Center for Basque Studies-en egiten ari baita. Uriberen kasuan ondarroarrak Bitartean heldu eskutik liburua AEBetan argitaratu eta aurkeztu zuen iaz. Kritiko zein irakurleek harrera ona egin diote liburuari.

'Fierki inteligentea eta sarri lotsagabea'

Antologiak europar poeta berri hauen lana 'fierki inteligentea, sarri lotsagabea eta historia eta politikarekin engaiatua' dela dio. Edward Hirsch Estatu Batuetako poeta eta akademikoaren esanetan liburua 'funtsezko antologia' izatera deitua dago eta 'amerikar irakurleentzako Atlantikoz bestaldean egiten ari den poesia bikaina ezagutzeko bide garrantzitsua' izango da.

Liburuan Bernardo Atxagaren bi poema agertzen dira (The tale of the hedgehod eta Life) eta Kirmen Uriberen hiru lan (Visit, Cardiogram eta Loren). Liburua AEBetako liburudendetan dago salgai eta internet bidez ere eskuratu daiteke, hemen.


Lotura interesgarriak

Graywolf Press Argitaletxea
www.graywolfpress.org

Kirmen Uribek 'Meanwhile take my hand' aurkeztu du AEBetan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 1ean

Bernardo Atxagak bloga sortu du AEBetatik
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 24ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia