euskal diaspora eta kultura
2011/06/27
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeko berrogei bat lagun bildu ziren joan den asteazkenean, ekainaren 22an, Wilhelm von Humboldt hizkuntzalari alemaniarraren etxea izan zen Tegel-eko gazteluan. Elkarteak gonbidatuta, Berhnard Hurch aditu eta Austriako Graz hiriko unibertsitateko katedradunak, hitzaldia eman zuen bertan, Humboldtek egin zituen euskarari buruzko ikerketak azalduz. Ikerketa horiek iaz argitaratu zituen Hurch-ek Wilhelm von Humboldt. Schriften zur Anthropologie der Baskenm (Paderborn: Schöningh, 2010) liburuan bilduta.
Hitzaldiaren aretoa bete egin zuten Berlingo Euskal Etxeko kideek, Ainhoa Añorga presidenteak azaldu digunez. "Esan beharra dago, gehiago ere etorriko zirela, baina lekua zela eta ezin genuen gehiago hartu. Normalean 20 pertsona baino ez dituzte baimentzen areto honetan eta oso kontentu gaude posible izan delako hain talde handiarekin parte hartzea".
Emakumeen rol garrantzitsua
Hurchen hitzaldia adi-adi jarraitu zuten Berlingo euskaldunek, Wilhelm von Humboldtek 1811ean Euskal Herrira egin zuen bidaia imajinatuz. "Pentsatu beharra dago garai hartan zaldi gurdian egin zuela bidaia. Bere idazlan eta eskutitzetan bertako paisaia, jendea eta hizkuntzaren berezitasunagatik miresmena adierazten ditu. Eta argi geratzen da eginiko lanetatik garrantzitsuena izan zela berarentzat", azaldu du Añorgak. "Asko interesatu zitzaion puntu bat garai hartan emakumeak Euskal Herrian zuen rol garrantzitsua izan zen. Europako beste herrietan ezagutzen ez zena", gehitzen du.
[Hurch irakaslearen hitzaldia entzuten, aretoa jendez lepo (argazkia BerlinEE)]
Alemanian argitaratu gabea
Hurchek agertu zuenez Humboldten izkribuetan deskribapen oso zehatzak daude: arrantzale zein baserritarren bizimodua, erabiltzen zituzten lanabesa eta tresnak... Zera gehitu zuen, gaurdaino ez duela ulertzen Wilhelm-entzat "hain garrantzitsua izan zen lanak"Alemanian merezi duen atentzio ez jasotzea.
Irakasle austriarrak Wilhelm von Humboldtek idatzitako anekdota eta pasadizo interesgarri asko kontatu zituen eta entzuleen arreta bereganatzea eta jakinmina piztea lortu zuen. "Baliteke beste batean, leku handiago batean, gaia berriro ere lantzea, hitzaldiak izan zuen hain harrera ona dela eta", azaldu dio Añorgak EuskalKultura.com-i.
Hitzaldiaren ostean bota zuen eurijasa itzelagatik bertan behera gelditu zen Humboldten hilobiaren aurrean dantzatzekoa zen aurreskua, eta pintxo dastaketa egin zen gazteluan, giro alaiean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus