euskal diaspora eta kultura
2012/06/11
PUBLIZITATEA
Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeak Gernikaren bonbarketaren 75. urteurrenaren karira ekitaldi egitarau mardula egin du apirilean zehar. Azken saioa iragan ekainaren 1ean egin zuen berlindar elkarteak, Donaustrasse kaleko Umearen Eguneko jaiaren barruan. Elkarteak antolatuta, bost graffittigilek Picassoren "Guernica" margoaren berrinterpretazioa egin zuten.
"Bakearen graffitia" delako hau egiten goizean goiz hasi ziren hiru artista euskaldunak (gernikarrak, zehazki) eta bi alemaniarrak. Gaueko zortziak arte aritu ziren lanean, eta eurekin batera margotzen aritu ziren ekitaldian parte hartu nahi zuten auzoko haur eta biztanleek ere.
[Donaustrasse kalean standak jarri eta ekitaldiak egin ziren, horien artean "Bakearen Graffittia" (argazkia BerlinEE)]
[Auzokideen interesa piztu zuen graffitiak (argazkia Berlin EE)]
Graffitia egurrezko sei paneletan margotu zuten artistek, eta seigarren panela auzokideek eta Rixdorf eskolako umeek margotu zuten, Euskal Etxeak azaldu duenez. "Horrez gain, Picassoren irudiaren inguruko jokoak, puzzleak eta testuak erabili genituen, Gernikan duela 75 urte gertatua ezagutzera eramateko" agertu du elkarteko presidente Ainhoa Añorgak. "Antolatzaileak oso pozik geratu dira bai ekitaldiarekin zein Neukölln auzoan ekimenak izan zuen harrerarekin. Hemendik aurrera hormirudia erakusgarri egongo da udaleko bulegoan eta laister, udarako, Neuköllngo hof edo patio bateko paretetan itsatsiko dugu, bertan gera dadin auzotarrentzat erakusgarri".
Guernica Platz-en hunkituta
Añorgak bereziki azpimarratzen du elkarteak berriki egin zuen beste ekitaldi bat ere: Bonbardaketaren egun eta ordu berean (apirilaren 26ean) Berlingo Guernica Platz izeneko plazan egin zuten omenaldia. "Bezperan Gernikako neska gazte baten eskutitz hunkigarria jaso genuen, eskerrak emanez egin genuen lanagatik eta egun horretan bi herriak bat eginda geundela esanez. Eskutitza itzuli eta plazan irakurri nuen eta jendea asko hunkitu zen eta eskerrak emanez etorri zitzaizkidan", gogoratu du.
Egun horretan, gainera, Klaus Ihlauren "Gernika" dokumentalaren emanaldia antolatu zuen euskal etxeak Sternberg ikastolako seigarren mailako haurrentzat. Astean zehar ikasleak gaia lantzen aritu ziren, Berlingo Euskal Etxeak ekimenerako prestatutako Gernikaren bonbardaketari buruzko materiala erabiliz.
[Sternberg eskolako neska-mutilak, "Gernika" dokumentalaren emanaldian (argazkia Berlin EE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus