Begoña Miñaur. Maiatzaren 31tik ekainaren 3a arte Berlinen hainbat jardunaldi egingo dira Agirre lehendakaria bertan izan zeneko garaia gogoratuz. Aurrenekoz 1941ean izan zen Agirre Berlinen, naziek okupatutako Europatik ihesi. Hamazazpi hilabete eman zituen klandestinitatean, izen faltsu batekin, Suediara aurrena eta gero Ameriketara ihes egiteko pasaporte bat eskuratu zain.
Agirrek berak esperientzia horren berri eman zuen liburu batean: "De Guernica a Nueva York pasando por Bilbao".
Agirreren ihesaldiak eta Berlingo egunek pelikula bat egiteko ematen dute. Noiz eta nola izan zenuten istorio honen berri?
-Ainhoa: 2010ean Berlinera gonbidatu genuen Edorta Jimenez idazlea eta berak Euskal Etxeko kide eta Frankfurt-eko euskara irakurle den Lourdes Izagirreri aipatu zion Agirre Berlinen ibili zeneko kaleak bisitatu nahi zituela. 2011an, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiak prestatzen ari ginela, Lourdesek liburua hartu zuela esan zigun eta mapa bat egiteko ideia sortu zen. 2012an, Brecht Hausean Edortaren Baleen Berbaroa lanaren itzulpena aurkeztu genuen. Afalondoan gaia atera genuen eta mapa sortzearen proiektuaz hitz egin.
-Unai: Liburuaren berri baneukan aurretik, baina 2011 arte ez nuen irakurri. Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogorarazteko ekitaldiak prestatzen ari ginela heldu nion. Ainhoak dioen bezala, Edotaren ekitaldi ondoko afarian irten zen gaia berriz. Lourdes eta biok heldu genion proiektuari ta martxan hasi. Baina egia esateko zirriborratu baino ez genuen egin, urte hartan lan asko izan baigenuen.
Euskal Etxearentzat erronka handia da proiektu hau. Zergatik erabaki zuen euskal etxeak ekitaldi hau antolatzea?
-Unai: Bete-betean ordezkatzen du EEko sortzaileen filosofia eta azken urteotan jarraitutako ibilbidea. Hasierako planari eutsi diogu eta horixe bera da elkartearen lana ordezkatzen duen atala: Agirreren testuak itzuli eta mapa bat osatu bere ibilbidea azalduz. Gero, proiektua izugarri handitu da, erakunde ezberdinen laguntza eta babesa izan dugu eta proiektua osatu eta borobildu dela esan genezake. Pozik gaude zentzu horretan zeren ekitaldien ondoren kongresuaren publikazioa eta guk sortutako dokumentuak hor geratuko dira. Denentzat eskuragarri alemanez.
-Ainhoa: 2012an zerbait egitea ezinezkoa zen guretzat, Agirre Gernikako bonbardaketaren ekitaldiekin batzea posible zen arren, gurea bezalako lantalde txikiak ezin zuen hau beregain hartu. Efemeride esanguratsu bat heldu zain egon gara eta 2014ko abenduan hasi ginen martxan. 2015eko udazkenetik aurrera guztiz sartuta gabiltza antolaketarekin. Azken emaitzara heldu arte beste ekitaldi batzuk ere baztertu behar izan ditugu.
Arlo akademikoan, zer eskainiko dute jardunaldi hauek?
-Unai: Etxepare, Renoko CBS eta Leipzigeko Unibertsitateak zuzendutako kongresua ("The International Legacy of Lehendakari Agirre's government") punta-puntakoa dela esan genezake. Ikuspuntu zabala eskainiko zaio erbesteko euskal gobernua eta Agirreren figurari. Ta hizlariak ez dira bakarrik historialariak, Nicholas Rankin bezalako kazetariek ere parte hartuko dute. Dena den, egunero ez dugu aukera izaten aurrez-aurre ikusteko Hilari Raquer i Suñer, Carlos Collado Seidel edota Joan Villarroya bezalako adituak. Ahaztu gabe Xabier Irujok berak ixten duela mintegia
Gudak eta gerra ondoko garaiak errotik aldatu zuen euskaldun askoren bizitza, eta garaiko arte eta kulturan marka utzi zuen. Ze ikuspuntutik jorratuko du hori mintegiak?
-Ainhoa: Ekainak 2ko kongresua --"Agirre in the Arts"-- guk antolatu dugu, Etxepare, Humboldt eta Leipzigen laguntzarekin. Ikuspuntu kulturalago bat ematea zen helburua, Agirre edo erbesteko euskal gobernua bere horretan aztertu baino Gerra Zibila eta erbestea arteetan nola isladatu den erakutsi.
-Unai: Sei hizlarik osatzen dute mintegia. Literaturaz ariko dira Mari Jose Olaziregi, Kirmen Uribe eta Daniela Bister. Miren Arzalluzek moda izango du aztergai: Espainiako Gerra Zibilak eta erbesteak Balenciagaren lana eta Paco Rabannen bizitza nola baldintzatu zuten erakutsiko du. Benjamin Inalek Gernikako bonbardaketa landuko du, baina sinbolo gisa. Ez bakarrik Picassoren koadro famatua aztertuz, XX. mendeko zinema, literatura eta bestelako diziplinetan eman zaion tratamendua aztertuz. Ta mundu guztian zehar politikoki Gernikari ematen zaion erabilpena azalduz.
Kongresua Iker Sanchez Silvak, Berlinen bizi den orkestra zuzendari euskaldunak, itxiko du. Bi Mundu Gerren arteko eta osteko musika-eszena aztertu eta Andrés Isasi eta bere garaikide alemanen berri emango digu. Joana Otxoa de Alaizak pianoan eta Paula Iragorri mezzosopranoaren laguntzatz, hitzaldia kantuekin borobilduko du.
Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek “Zaldiak eta beren itzalak” poesia eta musika emanaldia egingo dute. Nola uztartzen da Agirreren garaiarekin?
-Ainhoa: Kirmenek ekainaren 2ko kongresuan "Elegy of a Basque Woman" hitzaldia eskainiko du, hor aurreratuko ditu laster argitaratzekoa den bere azken nobelaren gai eta planteamendu batzuk. Nobela oraindik argitaragabe horretan Agirreren figura zeharka agertzen baita.
-Unai: Iluntzeko ekitaldiaren planteamendua ezberdina da, ez da Agirreren figuran horrenbeste zentratzen. Erbesteratuak, euskal kultura eta beste gai batzuk landuko dituzte, bai Urdangarinek bere kantuekin zein Kirmenek poemekin. Gorki Theater-eko programan sartzea lortu dugu, egunero ez da lortzen euskarazko lan bat hor sartzea. Antzokian lanean dauden euskaldun eta alemanei eskertu beharreko gauza da hori.
Ze irakaspen eskaintzen dizkie gaurko gizarteari Agirreren odisea honek eta bere jardun politikoak?
-Unai: Irakurketa ezberdinen artean, esango nuke alemaniarrentzat Agirreren erbesteratu irudia izan daitekeela interesgarriena. Azken urteotan errefuxiatuen inguruan dagoen mugimendu eta eztabaiden artean gure ekarpena da erakustea euskaldunak ere erbestean izandakoak garela eta lehendakaria bera hemen izkutatuta egon zela. Egun herrialde aberatsak dira gureak, bai EH zein Alemania; baina Berlinen berton dauden errefuxiatu, demagun, siriar edota irakiarren artean agian beste Agirreren bat izango da.
Erbesteko Eusko Jaurlaritzak Europaren inguruan izandako jarrera ere erakutsi beharrekoa da, horregatik aipatzen dugu ekitaldietan 1956an Berlinera egin zuen bigarren bisita.
-Ainhoa: Europar Batasuna egun krisian dagoen irudia izan arren, beharrezkoa da ezagutaraztea euskaldunon lana. Medio alemaniar askorentzat euskaldun guztiak nazionalistak gara, eta hemengo ikuspuntutik nazionalista bat eskuinekoa, xenofoboa eta Europaren aurkakoa da.
Unai: Hori neurri batean hala da. Ta gai hortan badugu pedagogia egiterik. Gurea kultur-elkarte bat da, zentzu horretan gure eginkizuna euskal herriko kultura eta historia hemen erakustea da,. Beraz, itzulpenak aurkeztu eta gero bakoitzak testu originalak irakurriz atera ditzala bere ondorioak. Alemanian badugu zereginik EHaren berri alemanez emateko orduan. Bestela besteek hitz egingo dute gutaz.
Euskal etxea alemanek sortua, euskal elkarteen munduan kasu oso berezia. Noiz eta nola sortu zen?
-Ainhoa: 1997an Berlinen egin zuten simposioaren antolatzaileak sortu zuten. Sinposioan Gernikako bonbardaketaren 60. Urteurrena zela eta Gernikako bonbardeaketa bizi izan zuten pertsonak gonbidatu zituzten. Alemaniako presidenteak eskutitz bat idaztea lortu zuten barkamena eskatuz eta euskaldun eta alemaniarren adiskidetasuna sortu zen, zubi bat sortuz. Zubi horrek aurrera egiteko nahiak eragin zuen elkartearen sorrera. Eta 1998ko apirilean sortu zen Euskal Etxea.
Euskal Etxea gaztea da baina urte hauetan hainbat jarduera potente egin ditu, zinema astea, Korrika, Gernikako bonbardaketari buruzkoak datozkit burura, eta orain hau. Zer eskaini nahi die Euskal Etxeak Berlingo euskaldunei eta berlindarrei?
-Ainhoa: Euskal Etxea alemaniarrek sortua da eta zentzu hortan beraiengana heltzeko ardura dugula uste dugu, hau da, alemanez jarraitu daitezkeen ekitaldiak egin. Azken urteotan kontzertu eta ekitaldi handinahiagoak egiten saiatu garen arren, horrek lan asko eta diru-iturri finko eta handiagoak eskatzen ditu. Maila horretan ez dugu Bartzelonako EEak, gure eta beste EE askoren eredu denak, duen gaitasuna eta azpiegitura. Adibide bat ipintzearren. Beste aldetik, Berlinen mugitzen diren beste kultur-erakundeekin harremana izatea ere bada gure eguneroko lana. Berdin da Ramon Llull institutua, kurduak edo Cervanteseko arduradunekin izan, harreman onak izan ditugu orohar azken urteotan.
Elkarteak lortu du urte hauetan Berlingo gizartean eta kultur munduan bere lekua? Non ikusten duzue zuen burua elkarte bezala eta nora heldu nahiko zenukete?
-Unai: Zinemaldia eta Korrika bezalako ekitaldiak finkatu dira eta jendea hurbiltzen da. Horri dagokionez pozik gaude, baina Berlin bezalako hiri batean, non hainbeste aukera dauden eskura, kultur-ekitaldiak antolatuz elkarte ezagun bat bihurtzea ja beste kontu bat da. Ez daukagu egoitzarik ta hori batzuentzat desabantaila izan daitekeen arren, baditu alde onak hiri guztian mugitzeko aukera baitaukazu. Dena den, lantalde oso txikia da gurea, jende gaztea hurbildu den arren, lan asko egin behar da proiektuak aurrera ateratzeko. EEan ez dago inor soldatapean eta denok gabiltza lanpetuta.
-Ainhoa: Etorkizun hurbilean martxan ditugun proiektu edo ekitaldiak finkatzea da gure helburua. Jende gaztea batu da EEra eta beraien kabuz daramatzate proiektu batzuk: Unaik berak eraman du Agirrerena azken urteotan, baina Markel Anasagasti mundakarrak, adibidez, iaz hartu zuen Zinemaldiaren ardura eta berak darama antolakuntza. Liburu irakurketak edota idazle-itzultzaile topaketak ere antolatu izan ditugu, hor aritu dira lanean Lourdes Izagirre, Danel Agirre, Irati Elorrieta, Garazi Ugalde edota Galder Ruiz. Horrelako ekitaldiak finkatu beharko genituzke. Berez, jendea erakartzea erronka da, ta badugu non hobetu, baina gero jende horrek EEaren filosofiarekin bat egin eta proiektuak aurrera ateratzen inplikatzea beste lan bat da.
Jardunaldiei buruzko informazio osoa, Agirre in Berlin webgunean.
Berlingo Euskal Etxearen webgunea: www.euskaletxea.de