Berlin, Alemania. Hiriburu alemaniarrean egoitza duen "Gernika deutsch-baskischer Kultur Verein e. V." Berlingo Euskal Etxea urtebetetze ospakizunetan dabil, pozez esan baitezake hogei urte bete dituela zubigintza lanean Euskal Herriaren eta Alemaniaren artean. Bazkide eta euskaltzale gehienbat alemaniarren ekimena izan zen hau elkarte aktibo eta ekarpen-emaile segitzen du gaur egun. Sorreratik 12 urtera eskatu zuen onarpena euskal etxe legez eta argi esan daiteke lan fina egin duela bere bi hamarkadako ibilbide honetan. Hori guztia eta gehiago bustiko dute datorren larunbatean lagunartean ospatuko duten afari eta festa txikian.
Karia horretara, balantze labur bat egiten duen gonbidapena zabaldu du Euskal Etxeak, larunbateko ekitaldian parte hartzera deituz. Hona Ainhoa Añorga Osa donostiarra taldeburu duen elkarteak euskaraz bidali digun gonbidapen testua:
20 urte dira hainbat berlindarrek Gernika elkartea sortu zutenetik. Bonbardaketaren 60. urteurrena mugarri eta oroimen historikoa ardatz harturik, Euskal Herria eta Alemaniaren arteko zubiak eraikitzeko asmoarekin ekin zioten lanari.
Ordutik era guztietako ekimen mordoa antolatu dira. Gernikaren suntsiketa eta haren oroimenaren inguruko ekintzez gain musika, dantza, hizkuntza, zinema, historia edota gastronomia jorratu dira besteak beste.
2010etik Gernika Kultur Elkarteak Euskal Etxea izaera onartua du. Aldaketa honek ez du aurretik egindako lana moteldu baizik eta eragin esparruak are gehiago zabaldu. Ordutik, euskal jatorriko berlindarren lana indartu egin da nabari eta horren lekuko ditugu euskera ikastaroak, zinema festibala edota Korrikaren antolaketa arrakastatsuak.
Asko dira hogei urtetan egindako bidelagunak. Makina bat norbanako eta talderekin izan da harremana eta alkarlana. Zerrenda benetan luzea. Horiei guztiei gure esker beroena adierazi nahi dizkiegu gure proiektua aurrera eramateko eman diguten babes eta laguntzagatik.
Euskal Etxeko kideok hogei urte oparo hauek gure bidelagunekin batera ospatu nahi ditugu. Egindakoak gogoratu, ondo pasa eta etorkizunerako indarrak bildu. Horretarako bazkari eder bat antolatu dugu eta bertara etortzera gonbidatzen zaitugu.
-Noiz: Urriak 13, larunbata, 13:30 etan
-Non: The Clash tabernan, Gneisenaustr, 2A, Kreuzberg U-7, U-6 Mehringdamm
-Prezioa: 18€ ko Menua (Bejetarianoa/Haragiduna, edariak barne)
-Izen ematea eta ordainketa: 20jahreeuskaletxeaberlin@gmail.com (azken eguna, urriaren 6a)