Berlingo Euskal Etxeko lagunek ongi partekatu digutenez, 79. urteurren honetan ere euskaldun eta alemaniar multzo batek ez zuen Gernikako Bonbardaketaren data alferrik pasatzen utzi nahi izan eta hiriko Guernica Platzen bildu zen, lore eskaintza bat egin eta zuzeneko musika eta poema irakurketa batez gogora ekartzeko euskal hiri horretan 1937ko apirilaren 26an Franco faxista antieuskaldunaren aliatu ziren indar hegazkin nazi eta italiarrek eginiko sarraskia.
Berlin, Alemania. Apirilaren 26a asteguna izanik ekitaldia asteburura pasatu zen eta, beraz, apiirlaren 30ean, larunbatarekin, Berlingo Guernica Platz urtero efemeride hau heltzen delarik egiten den oroitzapen-ekitaldiaren gertaleku bilakatu zen.
Eguraldi zoragarria lagun, musika eta poesia protagonista eta gonbidatu berezi izan ziren. Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti eta Bertoldt Brecht-en poemak irakurri ziren euskaraz eta alemanez, Jone Bolibar (klarinetea) eta Ivan Casadoren (txeloa) musikak ekitaldia ederturik.
Berlingo Euskal Etxeko kideekin batera, KFSR (Kämpfer und Freunde der Spanischen Republik) eta Alexander-von-Humboldt-Gesellschaft elkarte antolatzaileetako kideak ere bildu ziren hitzordura eta aurtengoan Espainiako Enbaxadako kultura sailburu Rosa Velazquez Alvarez eta Kataluniako gobernuko ordezkari Marie Kapretz ere izan dira bertan.
-Berlingo Gernika Euskal Etxearen webgunea: http://www.euskaletxea.de
-Facebooken: https://www.facebook.com/gernikakulturverein.euskaletxeaberlin