euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beren errealitateetara moldatuta, New York eta Quebec-eko euskaldunek ere Danborrada ospatu zuten

2016/01/25

Euskal Herriko hainbat osagai batu zituzten New York eta Montreal-eko euskaldunek Danborradaren aitzekiarekin (Argazkiak: E.K.)
Euskal Herriko hainbat osagai batu zituzten New York eta Montreal-eko euskaldunek Danborradaren aitzekiarekin (Argazkiak: E.K.)

PUBLIZITATEA

Mundu osoko hamaika Euskal Etxek egin zuten bat donostiarrekin San Sebastian ospatzen, Danborrada aitzakia. Diasporako talde bakoitzak, baina, bere errealitatera egokitu zuen jaia.  New Yorkeko EEko Itziar Albisu eta Quebec-eko Iñigo Ruizekin egin du berba EuskalKultura.com -ek, bi hiriotako euskaldunen eskarmentua islatzeko. “Oso festa polita da”, esan du komentzituta Albisuk, “eta ez duzu zertan donostiarra izan beharrik murgildu eta jaiaz maitemintzeko”.

New York / Montreal. New Yorkeko Eusko Etxeko diruzaina da egun Itziar Albisu baina, orain hamar bat urte, lehendakari lanetan ere aritu zen eta, beste hainbat gauzen artean, Danborrada ospatzeko ohitura ezarri eta bultzatu zuen sagar-hirian: “Gabonetako eta otsaileko Agate Deunaren artean bazegoen ezer ospatzen ez genuen tarte bat eta, pentsatu nuen, 'zergatik ez dugu Danborrada ospatzen?'”.

Donostiarra da Albisu jaiotzez. 1988an etorri zen New Yorkera eta ordudanik bizi da bertan. Ez da harritzekoa, beraz, bere jaioterriko puxka bat berarekin ekarri nahi izana. Edozelan be, bere iritziz, “ez zara donostiarra izan behar Danborradaz maitemintzeko. Oso festa polita baita”. “Eta bazkal orduan, mahaia kolpatuz zarata egiteagatik inork ezer esango ez dizun egun bakarra da hau, gainera” gehitu du txantxetan.

Quebec-en, berriz, euskaldunek tarteka ospatu izan dute danbor hotsen jaia. 2014an, Quebec-eko Euskaldunak taldeko aholkulari den Iñigo Ruizek plana antolatu zuen eta gogo onez batu zitzaizkion 50 bat lagun. Hurrengo urtean, baina, ez zuten errepikatu. Aldiz, aurten, atzera ere ospatu dute danborren jaia.

"Hein batean, nik daukat Danborrada ospatzearen errua”, esan dio buletin honi. “nahiz eta oatiarra izan jaiotzez, hamar urte inguru pasatu bainituen nituen Donostian eta Danborradaren oso oroitzapen politak ditut”.

Danbor 'hutsak' baino gehiago

New Yorkeko hasierako Danborradak gauez ospatu zituzten baina orain, partaide diren pertsona eta familien haurrak gaztetxo eta nerabe bilakatzen ari direla, bazkalorduan ospatzen dute. Donosti akoaren aurreko igandean, urtarrilaren 17an batu ziren klubean, zehazki Athletic Club-ek Bartzelonaren aurka jokatzen zuen egun berean. Gauzak horrela, eta nahiz eta jaia berez donostiarra izan, partida telebistan ikusten zeudela bazkaldu zuten New Yorkeko euskaldunek, zuri-gorriak animatuz, etxean egindako danborrak alboan zituztela, eta bazkalostean eragin zieten danborrei.

Quebec-en, euren  aldetik, bi egun desberdinetan ospatu dute jaia. 19an streaming bidez jarraitu zituzten Gipuzkoako hiriburuko ospakizunak, lagunarteko giro euskaldunean, Mintzapraktika egun bihurtu baitzuten Donostia eguna. Baina, aste barruan zenez eta beraz lan-eguna, asteburuan ere ipini zuten hitzordua, 23an hain zuzen, beste jaitxo bat antolatuz, ahalik eta kide gehienak bil zitezen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia