euskal diaspora eta kultura
2013/11/01
PUBLIZITATEA
Villa Mercedes, San Luis. Hamarkada bat ari da aurten betetzen Villa Mercedeseko Euskal Etxearen baitango Camerata de la Luna korala sortu zenetik eta urtemuga berezia ospatzeko, apirilean ekin zion taldeak urteko egitarauari, bi lehenengo kontzertu eskainiz. Ikuskizunak San Luis hiriburuan eta Villa Mercedes bertan izan ziren eta bietan Johann Sebastian Bach-en Actus Tragicus- BWV 106 interpretatu zuen.
Klasikoekin jarraituz, 2013 honetako emanaldi nagusiak eskainiko ditu taldeak asteburu honetan. Oraingo errepertorioari dagokionez, San Luis probintzian inoiz aurkeztu ez den Wolfgang Amadeus Mozart-en Requiem re txikian bertsio laburra abestuko dute Villa Mercedeseko kantariek, organoak lagunduta, adierazi digute bertatik.
“Garrantzi handia izango dute kontzertuek; alde batetik, San Luis probintzian errepertorio hau egiten den lehen aldia baita; bestalde, herriko eta inguruko herrietako artistek parte hartuko dutelako”.
Izan ere Cameratarekin batera aurkeztuko diren musikarien zerrendak honakoak biltzen ditu: Mendozako Jimena Semiz sopranoa, Veronica Montiveros mezzo-sopranoa, Cristian Mella tenorea, Fernando Lazari baritonoa, eta Cristian Canaviri eta Sebastian Zabala organistak. Artista hauez gain, San Luis hiriko Santa Lucia Abesbatza Polifonikoak ere lagunduko du Camerata kontzertuetan.
Kontzertu-omenaldia
Baina asteburu honetako kontzertuak proposamen artistikoa baino gehiago dira. Izan ere, Requiema hildakoen omenezko meza izanik, omenaldi moduan eskainiko du Cameratak. Ekintzaren zuzendari artistikoa den Francisco Mensak adierazi duenez: “Marcelo Sosa Hezkuntza Ministroak proposatu zigun duela bi urte Zanjitas-eko tragedian hil zirenen omenaldi bilakatzea [tren batek eskola autobus bat harrapatu zuen, zortzi hildako eraginez --sei adin txikiko eta bi heldu- gorpuak erabat desegin eta desitxuratuak utziz] eta guk geurea egin dugu ekimen hori. Geure hondar-alea eskainiko dugu honela, kontzertu-omenaldi hionen bidez”.
Biharko hitzordua, beraz, San Luis hiriko Nuestra Señora del Trono Elizan izango da, San Martin eta 25 de Mayo kaleetan, gaueko 9etan. Igandekoa, berriz, Villa Mercedesen, San Roque Elizan, ordu berean. Sarrera libre eta doakoa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus