La Plata, Argentina. 1993an La Platako Euzko Etxeari loturik La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP) sortutako ekimenak 27 urte beteko ditu datorren astean. Bizi dugun pandemia egoera honetan ospakizuna ezin da aurrez aurre egin baina hala ere, La Platako Gogoetarako Euskal Katedra Askeko lagunek zerbait berezia egin nahi izan dute eguna oharkabean pasa ez zedin eta gauzak horrela, "Katedraren muina adierazten duen ekarpen bat" prestatu dute.
Izan ere, “ezagutzaren demokratizazioari lehentasuna emateko” jaio zen Katedra duela 27 urte, eta orduan Eusko Ikaskuntzak Katedraren bidez UNLPko Liburutegiari egindako "dohaintza baliotsua" den euskal katalogoaren bertsio digitalizatua argitaratuko dute ekainaren 16an, urteurrenaren egunean bertan, Katedraren Facebook kontuan.
Jose Joaquin Saldias Katedrako arduradunak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, aipatu “Katalogoak 65 orrialde ditu, liburutegian eskuragai dagoen materiala. Aipatu nahi dut, gainera, La Platakoa dela euskal gaiei buruzko sail berezi bat daukan Argentinako unibertsitate bakarra”, adierazi du.
Urteurrenaren karietara, Euskal Herriko eta Argentinako kultura eta politika arloetako erreferenteek euren agurrak uzten ari zaizkio Katedrari, bideoetan. Hemen ikus daitezke.