Joan den asteburuan Euskal Herriko eta Kataluniako zenbait talde eta musikari lagun ekimenaren 20. urtebetetzeko kontzertua egin eta afari eta jai batez ospatu ondoren, gaur Euskal Etxean Mice (Miren Narbaiza) eta Naminak eskainiko duten emanaldiarekin bere azken txanpa hasiko du 2017ko Euskal Herria Sona jaialdiak. Bartzelonako Euskal Etxea antolatzaile duen jaialdiak bihar Ainara LeGardon (+ Seward) errezibituko du Be Good arteoan; larunbatean Doctor Deseo, Boveda aretoan; eta abenduaren 1ean, Zea Mays, Sidecar-en.
Bartzelona, Katalunia. Urri hondarrean hasi zen eta hilabetez Kataluniako publikoaren aurreko euskal musikaren egungo argazki eta erakuslehio izate funtzioa betetzeari eutsi dio Bartzelonako Euskal Etxean eta hiriburu katalaneko beste zenbait kultur eta kontzertu aretoetan antolatutako kontzertu eta saioetan. Egiari zor, dinamika ederra sortu dute --eta hogei urtez atxiki, ez da batere marla makala!-- Bartzelonako Euskal Etxeko lagunek, beti ere helburu argi harturik kataluniar publikoari Euskal Herri osoan musika arloan urterik urte dagoen eta ari den mugimendu eta errealitatearen zuzeneko berri --kontzertuak eta protagonisten ahotsa-- ekarraraztea, bertara, etxeraino, zale katalanentzat zein Euskal Herriko taldeentzat zinez baliagarri eta aberasgarri den jokaldi eta plangintza batean.
Hona aurtengo ediziotik geratzen diren azken kontzertuak:
-Azaroaren 23an, osteguna (gaur), Euskal Etxean, 21:00etan, Mice (Miren Narbaiza) + Namina
-Azaroaren 24an, ostirala, Be Good aretoan, 21:30etan, Ainara LeGardon + Seward
-Azaroaren 25ean, larunbata, Bóveda aretoan, 21:00etan, Doctor Deseo
-Abenduaren 1ean, ostirala, Sidecar aretoan, 21:00etan, Zea Mays