Mar del Plata, Argentina. Ia astebete baino ez da falta Jaialdi 2023rako, eta Mar del Platan Denak Bateko kideak azken ikutu eta xehetasunak ari dira biribiltzen Euskal Kulturaren Udako Festa hau arrakastatsua izan dadin ziurtatzen. Izan ere, kultura, gastronomia eta jai giroko uda topaketa legez aurkezten du bere burua Jaialdik eta datorren astean, otsailaren 10ean, ostirala, eta 11an, larunbata, gauzatuko da Mar del Platako Moreno kaleko 3440an, Euskal Etxearen egoitzan, gutxienez laurehun lagun hurbiltzea espero dutela.
Programa bi hitzaldirekin hasiko da ostiralean, interes instituzionaleko gaiak jorratuz. Ostiralean, 10ean, 19:30etan, Valentina Cartasegna, abenduan bukatu berria den Gaztemunduren 2022ko edizioan bizi izan zituen esperientziaz arituko da. Ondoren, 20.15etan, FEVAko presidente Arantxa Anituak “Dibertsitatea, aniztasuna eta euskal etxeetan parte hartzeko forma berriak” izenburupeko hitzaldia emango du.
Larunbata egun nagusia
Jaialdiaren bigarren eguna 21:00etan hasiko da, kalean, aurreskuarekin eta denborradarekin Marcelo Hormaechea Beti Alai dantza taldeko zuzendari ohiak eta haren seme Aitor Hormaecheak, Euskal Etxeko bigarren lehendakariordea denak, gidatuta. Larunbatean bertan kultura eta informazio gune bat zabalduko dute. Umeentzako jolastoki bat bilduko du, abizenei buruzko datuak kontsultatzeko gunea, euskararen oinarrizko esamoldeak ikasteko aukera emango du eta ikastaroei buruzko informazioa zabalduko du.
21:30ak aldera, Andoni Iriberri eta Nerea Balzola zuzendari dituen Beti Alai dantza taldeak antolatutako taska hasiko da eta eta euskal dantza erakustaldi bat ere iragarri dute. Txikien, ertainen eta helduen taldeak aurkeztuko dira, eta dantza berri bat aurkeztuko dutela abisatu dute. Afaltzeko, proposamenak paella eta txistorra izango ditu aukera nagusia, baina beste jaki batzuk ere zerbitzatuko dira, hala nola pintxoak, hanburgesak eta, edariari dagokionez, ardoa, kalimotxoa, gin tonika, artisau garagardoa eta freskagarriak.
Sarrera aurretik erosita, 300 peso, han bertan, 500
Taskarako sarrera $ 300 kobratuko da, aldez aurretik Euskal Etxeko Idazkaritzan erosi ezkero, edo Beti Alaiko kideren batekin harremanetan jarrita. Bestela, egunean bertan erosten bada, prezioa 500 pesokoa izango da. “Zergatik etorri behar lukeen jendeak Jaialdira? Euskaldun sentitzeko aukerak, tarte baterako behintzat, ez duelako preziorik!” adierazi digu Denak Bateko lehendakari Gustavo Elichiribehetyk.
Mar del Platako Denak Bat sareetan:
-Facebook: https://www.facebook.com/centrovascodenakbat
-Instagram: https://instagram.com/denakbatmdp/
-Twitter: @denakbatmdp