euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 80. urteurreneko programa barruan, Denak Bat Cameratarekin arituko da bihar Buenos Airesen Lagun Onak Abesbatza

2019/08/02

San Inazio Eguneko Kontzertuan, Lagun Onak eta Camerata Denak Bat
San Inazio Eguneko Kontzertuan, Lagun Onak eta Camerata Denak Bat

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Laurak Bat Euskal Etxearen San Inazio eguneko ospakizunekin bat egingo du aurten ere Buenos Airesko Lagun Onak Abesbatzak eta kontzertu berezi bat eskainiko du programa horren baitan bihar Belgrano kaleko euskal egoitzan. Izan ere, Xabier Iñaki de Arza Blanco zuzendari duen Denak Bat Camerata lagun abestuko du aurten bere 80. urteurrena ospatzen ari den koralak. Bi talde euskal-argentinar ospetsuok euskal jatorriko eta euskarazko zenbait pieza aurkeztuko dituzte, tartean Francisco Madinaren Aita Gurea eta Pablo Sorozabalen Cantata de Gernika, ikur eta zinez indartsu diren bi pieza aipatzeagatik.

'Iñaki Deuna'ren omenezko kontzertua Laurak Bateko Basaldua Aretoan izango da, Belgrano etorbideko 1144 zenbakian, iluntzeko 8etan. Sarrera libre eta doan.

Lagun Onak Abesbatzaren 80. urteurrena

Luis Mallea apaiz munitibartarrak Buenos Airesen 1939ko urtarrilaren 6an sortutako izen eta historia handiko koru hau euskal musikaren erreferente ez ezik, Argentinako koru musikaren erreferente ere nabarmendu daiteke. 80 urteko ibilbide aberatsa eta gero, sei disko, hainbat sari eta ehunka emanaldi bere jardueran, arrazoi ugari ditu gaur egun Miguel A. Pesce maisua zuzendari duen taldeak ospakizunerako. Urteurren urteko programa martxan dago jadanik eta oso emanaldi berezi batekin bukatuko du, abenduaren 8an, Buenos Aires Hiriko ‘Ballena Azul’ goi mailako aretoan. Hona emanaldien egitaraua:

-Abuztuaren 3an, larunbata, San Inazio Eguneko Kontzertua, Denak Bat Cameratarekin, 20etan, Laurak Bat Euskal Etxean
-Abuztuaren 24an, larunbata, G. Verdiren Requiema, Amadeus Cultura Musical Orkestrarekin, 20etan, Buenos Airesko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean
-Irailaren 1ean, igandea, G. Verdiren Requiema, Amadeus Cultura Musical Orkestrarekin, 17etan, San Isidroko San Jose Parrokian (Diego Palma kaleko 215.ean)
-Urriaren 6an, igandea, Mozarten Requiema Denak Bat Cameratarekin, 20etan, CCK Kultur Gunean, Sarmiento kaleko 151an, CABAn
-Urriaren 17an, osteguna, piano kontzertua, 17etan, Yacht Club argentinarrean, Cecilia Grierson kaleko. 500an, CABAn
-Urriaren 20an, igandea, C. Orff-en Carmina Burana, 16etan, 25 de Mayo Kultur Gunean, Triunvirato Etorbideko 4444an, CABAn
-Abenduaren 7an, larunbata, G. Mahler-en Bigarren sinfonia, Jose de San Martin Gazte Orkestra Nazionalarekin, 18etan, Buenos Airesko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean
-Abenduaren 8an, igandea, G. Mahler-en Bigarren sinfonia, Jose de San Martin Gazte Orkestra Nazionalarekin, 11etan, CCK Kultur Guneko Ballena Azul Aretoan, Sarmiento kaleko 151an, CABAn

Zorionak! Programari buruzko informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia