Tandil, Argentina. COVID-19ko protokoloa dela-eta Gure Etxeko Zuzendaritza Batzordeko lagun batzuk baino ez ziren bertaratu elizara. Begoñako Amaren Elizako apaiza den Guillermo Di Pasqualek kimua bedeinkatu eta Hego Hemisferioko datorren udaberrian Elizako parkean landatuko zuela agindu zien Gure Etxeko lagunei. Euskal Etxetik jakinarazi digute programa bat martxan jarri dutela, Gernikako Arbolaren kimuak Tandilgo euskal jatorriko jende eta erakundeei oparitzeko, eta elizarena lehenengoa izan dela.
Ekintza birtualak protagonista nagusi izan diren aurtengo urtebetetze programan, dantza eta Tandilgo leku adierazgarrienak lotzen dituzten bi aipatu behar ditugu. Batetik, Sara Urbieta dantzariak Aurreskua dantzatu zuen El Centinela mendixkan, Unai Hernandez txistularia lagun. Eta bestalde, dantza taldeko kideek Fandangoa dantzatu zuten hiriko toki esanguratsuenetan, ellkarteren 71. urteurrenaren hedagarri.
[Sara Urbietaren eta Unai Hernandezen Aurreskua]
Agurrak ere sareratu zituen Euskal Etxeak: hasteko, Cecilia Lejarreta lehendakariarena; ondoren pilotariena, Gure Abestiak Abesbatzarena eta Martin Tumbarino zuzendariarena, eta euskara ikasle eta irakasleena ere. Euskara taldeak, bestalde, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea errezitatu zuen.
Astean zehar, eta datozen egunotan, elkartea osaten duten kideak aurkezteko umorezko fitxak ari dira zabaltzen Gure Etxeko lagunak, gainerako bazkideek eta herritarrek oro har bertan diharduten pertsonak hobeto ezagutu ditzaten. Fitxa eta bideoak Euskal Etxearen sareetan daude ikusgai: Gure Etxea Tandil (Facebook-en) eta GureEtxeaTandil (Instagram-en).