San Frantziskoaldeko eta inguru zabalago bateko euskaldunen biltoki da ingelesez Basque Cultural Center eta euskaraz Gure Euskal Etxea deitzen duten euskal elkarte sanfrantziskotar hau. South San Frantzisko hirian kokatua, asteburu honetan ospatuko du zabaldu zuteneko 35. urteurrena. Larunbat eta igandeko egitaraua ekitaldiz betea dator, musika, otorduak, dantza, kantua... eta, besteak beste, pilota, Euskal Herritik etorritako joko-garbiko eta esku huskako pilotariekin.
San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko Gure Euskal Etxea Basque Cultural Center-ek asteburu honetan ospatuko du bere inaugurazioaren 35. urteurrena eta, urtero ohi bezala data hauek heltzen direnean, euskal festa asteburu baterako gonbitea luzatu die bere bazkide eta lagunei eta inguruan ibil daitekeen euskaldun eta euskaltzale guztiei.
Pilotazaletasuna bertako euskaldunen ezaugarri nabaria izanik, bertan tradizioa denez, egitarauan leku berezia izango dute pilotak eta pilota partidek, eta bereziki Euskal Herritik propio ekarrarazi diren Mendinueta, Legarreta, Oier Etxebarria eta Santxo pilotariek, Euskal Pilota Federazioko Gotzon Enbil lehendakariarekin atzo bertan Kaliforniara helduak. Joko-garbiko erakustaldiak egiteko, berriz, Lissar, Destaillac, Irachabal eta Sarria etorriko dira, Migueltorena trebatzaile.
Programako ekitaldiak bihar larunbatez hasiko dira, arratsaldeko 4etan, izan ere Joko Garbiko erakustaldi batez. Ondoren esku huskako partidak etorriko dira. Seietan, afalaurreko musika joko dute Alex Diharce eta Ketxo taldeak --hauek ere Euskal Herritik ailegatuak-- eta ondoren afaria 7etan zerbitzatuko da, berriz ere musikari eta dantzari lekua eginez Alex Diharce eta Ketxoren eskutik.
Igandean, ekitaldiak 10etan hasiko dira aita Mixel Lastirik emango duen euskal mezarekin, partaide direlarik San Frantziskoko Elgarrekin korala, klika, txistulariak eta Zazpiak Bat taldeko dantzariak, bertsolariekin batera.
Mezaren ondoren, Euskal Etxeak bere Bizi Emankorra saria emango die Angel Arriada, Louis Marticorena eta Jeanne Mazeris-i, euskal kulturaren alde eta Gure Euskal Etxearen alde egindako bizitza osoko lanagatik.
Bazkaria 13:00etan zerbitzatuko da eta bazkalostean, 4etan, Joko Garbi erakustaldi eta esku huskako pilota partida berriak jokatuko dira. Larunbatean bezala, pilotarako txartelak 10 dolarretan egongo dira salgai, etekinak euskal etxeko gazteentzako pilota programarentzat.
Xehetasun gehiago edo afari erreserbak egiteko, ikus hemen