1992an Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko irakasleek sortutako argitalpena da 'Euskara Denontzat', 25 urtez jarraian abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean argitaratu izan den aldizkaria. Mende laurden baten ondoren, eta Euskal Etxeko euskara taldeen ahotsa den agerkariari ‘aire berriak’ ekartzeko, formatu digitalera pasatuko da ‘Euskara Denontzat’, urtean zehar eguneratzen joango den bloga bilakatuz.
Mar del Plata, Argentina. Aurtengo Euskararen Eguneko ospakizunean aurkeztu dute Denak Bat-eko euskara ikasle eta irakasleek ‘Euskara Denontzat’ bloga. Ideia duela hilabete batzuk jaio zen. Euskal Etxeko euskara koordinatzaile Monica Usubiagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “hogeita bost urtez jarraian argitaratu ondoren, batzuek pentsatu zuten argitaratzeari utzi behar geniola. Egiari zor, aldizkariaren hedapena pixkanaka jaisten ari zela ikuste genuen, eta ohartzen ginen berau egiteko gure ahaleginak oharkabean pasatzeko arriskua zeukala". "Aldi berean argi geneukan, ordea, aldizkariaren zenbaki bakoitzak ikasle eta irakasle askoren ilusio handia zeramala; eta ez genuen hori galdu nahi. Horregatik bururatu zitzaigun Internetera pasatzea. Horrela gorde eta erakutsi ahal izango ditugu hogeita bost urte hauetako lan guztiak eta itxura modernoagoa emanez gainera aldizkariari”, diosku.
Aldizkariaren zenbaki guztiak jarriko dira ikusgai eta eskuragai blogean. Formatu berri honen beste abantaila bat noiznahi eguneratu ahal izatea da. Usubiagak jakinarazten duenez, “Euskararen Eguneko aurkezpenerako atal batzuk baino ez ditugu sortu webean; esan nahi baita blogaren aurkezpena, lehenengo zenbakia –1992koa– eta ikasleen hitzak. Abenduan bertan hasiko dugun uda honetan zenbaki guztiak igoko ditugu eta martxoan, ikasturte berria hastearekin, eduki berriak. 2018an Mar del Plata izango da Euskal Aste Nazionalaren antolatzailea eta horrek material ugari emango digu”.
Bi euskara talde daude Mar del Platako Denak Bat-en, hasierakoa eta goikoa, eta bi irakasle, Esteban Capurro eta Nerea Ariznabarreta. Monica Usubiaga koordinatzaile lanetan aritzen da. “Pozik gaude blogarekin, gero eta jende gehiagorengana iritsiko baikara eta horrekin batera euskara ere bai. Eta duela 25 urte gaur egun Euskal Herrian bizi den Veronica Domingo irakasleak hasitako proiektuak segituko du”, adierazi du Denak Bateko erreferenteak.
Euskara Denontzat bloga, hemen.