euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 25. urteurrenean ‘Gernika Lekua’ren lehenengo harria jarriko du Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Taldea EEak

2017/11/21

Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Taldeak 25. urte beteko ditu
Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Taldeak 25. urte beteko ditu

PUBLIZITATEA

Aspaldiko proiektua gauzatzen hasia da 'Saltoko Euskaldunen Taldea' Euskal Etxea eta kulturgune bihurtuko den ‘Gernika Lekua’ren lehenengo harria abenduaren 3an, ENE Euskararen Nazioarteko Egunean eta Euskal Etxearen 25. urteurren egunean ezarriko dute. Hau ez da izango, ordea, urteurreneko programaren ekitaldi bakarra. Izan ere, abenduaren 8, 9 eta 10ean Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa batera gonbidatzen dute euskal uruguaitarrek.

Salto, Uruguai. Harreman estua dute Saltoko euskal kolektibitateak eta bertako udalak eta horren ondorioz ez dira gutxi elkarrekin aurrera daramatzaten proiektuak. Harriague Upeltegiaren berreskuratze lanek aurrera darraiten bitartean, berdegune bat eskuratu du Euskal Etxeak bertan ‘Gernika Lekua’ deitu duen pasealekua eraikitzeko. Saltoko Euskaldunen Taldea elkarteko lehendakari Luis Zalduak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “asmoa da euskal kulturarekin lotuta dauden ekintzak bertan antolatzea; proiektua erabat bideratuta dago eta abenduaren 3an lehenengo harria jarriko dugu”, laburbildu du.

Aukeratutako data honek esanahi handia du Saltoko euskal kolektibitatearentzat. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna izateaz gain, bere urtemuga ospatzen du euskal elkarteak. Karia horretara eta ‘Gernika Lekua’ abiarazteko zeremoniaren ostean afari batekin ospatuko du bere 25. urtebetetzea Euskal Etxeak. Afaria, ikuskizunak bilduko dituen afaria izango da, Parador Ayui delakoan.

Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa

Saltotarrak aspaldidanik gauzatu nahian dabiltzan beste poiektu bat elkarretaratze bat da, Euskal Etxeen Nazioarteko Topaketa bat. Ez da ahaztu behar Uruguai, Argentina eta Brasileko junta eskualdean kokatzen dela Salto. Eta Euskal Etxearen 25. urteurreneko programara bildu dute elkarretaratze hori, abenduaren 8tik 10era.

Topaketa aitzakia, hiru eguneko euskal jaialdia antolatzen ari dira Saltoko Euskaldunen Taldeko kideak. Proposamenak hauexek dira: ‘Aitzindarien Korrika’ Saltoko kostaldeko pasealekuan; Erromeria eta ardo dastaketa Tannat ardoaren sorlekua den Harriague Upeltegian; Bonbardaketaren 80. urtean, Gernikako sarraskiari buruzko argazki erakusketa; eta ibilbide turistikoa, herriko leku esanguratsuenetara. Euskal Etxearen urteurren berezi honetan, omenaldi bat ere egingo die gaur egungo zuzendaritza batzordeak hogeita bost urte hautako agintariei. Topaketan parte hartzeko gonbitea Argentinako eta Brasilgo euskal etxeei dago zuzenduta.

Informazio gehiago jasotzeko, Euskal Etxearekin jarri kontaktuan Grupo Vasco Salto izenpeko kontuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia