euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berastegi edo Verastegui duzu deitura? Perutik Trujilloko Euskal Etxeak Zoom bidezko familia bilera batera deitzen zaitu

2021/06/24

Gipuzkoako Berastegiko Herriko Plaza eta bertako Udaletxea (arg.Berastegi.eus)
Gipuzkoako Berastegiko Herriko Plaza eta bertako Udaletxea (arg.Berastegi.eus)

PUBLIZITATEA

Trujillo, Peru. Eta oraingoan Berastegi/Verastegui familiaren txanda da. Izan ere, Verástegui, honela idatzia, deitura ezaguna da Perun. Ez bakarrik bertan. Jakina da Berastegi, Verastegui eta antzeko bertsioak (ikus beherago) Gipuzkoako Berastegi herria izan dezaketela erreferentzia, edo izen bereko baserrian izan dezaketela jatorria, hala baitaude esaterako Zizurkilgo Akezkoa auzoan edo Azpeitiko Izarraitzen. Batera edo bestela, euskal deitura honetako jendeak bertatik atera eta batzuk Amerikarako bidea egin zuten eta gaur egun deitura Mexiko, Kolonbia, Txile, Bolivia, AEB, Venezuela, Filipinak edo Perun errotuta topa dezakegu.

Duela aste batzuk Lizartzaburu familiaren bilera birtuala antolatu zuen bezala, oraingoan beste familia honetako kideak online bilera batera deitu ditu Trujilloko Euskal Etxeak, bere inguruan ugari diren Verástegui deituradunei euren euskal jatorriaz eta Euskal Herriaz mintzatzeko. "De Berástegui al Mundo" (Berastegitik mundura) izenburupean egingo dute, uztailaren 10ean, larunbata, goizeko 10etan (Peruko ordua). Berastegi abizenak munduan dituen aldaeren artean daude Verástegui, Berastegui, Verasteguiz, Verastigui... eta guztiak daude gonbidatuta.

(irudian, XV. mendeko Berastegi baserria Zizurkilgo Akezkoa auzoan. Argazkia: Ondarea Euskadi.eus)

Ekimena Trujilloko Euskal Etxeak finkatua duen urteko programazioko parte da, helburua beti ere EEaren inguruan, euskal kultura eta Euskal Herriari buruzko oinarrizko informazioa plazaratu eta zabaltzea, populazioak gero eta ezagunago izan dezan, "abiapuntua eta egungo ezagutza maila zinez hobegarriak baitira", adierazi digute.

Datorren astean jakinaraziko dituzte egitarau xehetua eta bertara biltzeko lotura eta konektabideak.

Trujilloko Euskal Etxea-Centro Vasco de Trujillo
-Facebook: www.facebook.com/groups/trujilloko.euskal.etxea
www.facebook.com/TrujillokoEuskalEtxea
-Emaila: trujillo.euskal.etxea@gmail.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia