euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Beraiek egin zuten' liburua: Jose C. Paz herriko euskal historia Alvarez Vazquez lantegia medio kontatuta

2009/12/28

María del Pilar-en semeak egindako liburuaren azala. Argentinara Alvarez Vazquez-en lehenengo lau enplegatu ekarri zituen itsasontzia da agertzen dena, Monte Ayala izenekoa
María del Pilar-en semeak egindako liburuaren azala. Argentinara Alvarez Vazquez-en lehenengo lau enplegatu ekarri zituen itsasontzia da agertzen dena, Monte Ayala izenekoa

PUBLIZITATEA

Abenduaren 19an aurkeztu da Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxean 'Ellos lo hicieron' (Beraiek egin zuten) liburua. Maria del Pilar Uribeondo y Ruiz idazleak Jose C. Paz-en urtetan funtzionatu zuen Alvarez Vazquez lantegi eta langileen historia kontatzen du liburu honetan. 'Galiziako gizon batek Urbin, Basaurin, eraiki zuen bere lehenengo lantegia eta ekimentsua zenez, beste bi Ameriketan, Montevideon eta Argentinako Jose C. Paz-en. Makina bat euskaldun etorri ziren lantegi honetan lanera; hori dela eta gaur egun euskal jatorria duen jende ugari dago Jose C. Paz hirian, baita San Miguelen eta inguruko beste herri batzuetan ere', azaldu dio liburuaren egileak EuskalKultura.com-i. Oraingoz, 400 aleko tirada egin da eta FEVAk baimena eskatu dio Uribeondo andreari datorren urtean Buenos Airesko Liburu Azokan aurkezteko.

Sabrina Otegi/Jose C. Paz, Argentina. “Ellos lo hicieron", Manos de Basauri levantan la Primer Industria Metalúrgica en José C. Paz - Buenos Aires Argentina da liburuaren izen osoa, kalean da dagoeneko, Toki Eder Euskal Etxearen ardurapean argitara emana. Liburuaren aurkezpena ere Toki Eder-en ere egin zen, oso esperientzia hunkigarria, gainera, liburuaren egilearentzat: 'Ezin zirraragarriagoa izan zen momentua. Fabrikan lan egin zuen jendea eta langileen ondorengoak etorri ziren eta liburuko argazkietan beraien burua edo gurasoen irudi bat aurkitzen zituztenean ikusgarria zen euren aurpegia", azaltzen du Maria del Pilar Uribeondok. Aurkezpena bukatuan, idazleak liburuak sintatu zituen eta geuk galdera batzuk luzatu baliatu genuen aukera.

Maria del Pilar Uribeondo y Ruiz

[Maria del Pilar Uribeondo eta Maria Angeles Oñederra Toki Eder-eko lehendakaria liburuaren aurkezpenean]

-Zer lotura duzu Euskal Herriarekin?

Ni bizkaitarra naiz, Bilbon jaioa 1941. urtean. Hamar urte nituenean, eta ordurako aita hemen zegoenez, amak hona ekarri gintuen lau ahizpok. Aita ere, Pablo F. Uribeondo Maturana, Bilbokoa zen. Uribeondo abizena XVII. mendean existitzen zen jadanik. Garai hartakoa omen da Iurretan dagoen Uribeondo Baserria. Amak, María Ascensión Ruiz Muguruzak, joan den maiatzean 100 urte bete zituen; bera ere bilbotarra da. Euskal Herriarekin daukadan harremana ez da inoiz moztu; Izan ere, eta familia euskal-argentinar askotan gertatzen den legez, nire seme bat, Ignacio, Euskal Herrian bizi da bere emazte eta Aritz semearekin. Gainerako seme-alabak, Pablo eta Mariana, hemen bizi dira. 1966. urtean ezkondu nintzen ni. Senarraren arbasoak Italiakoak ziren, Demicheli abizenekoak.

-Zer dela eta etorri zen zure aita Argentinara?

Gure gurasoek gaztetatik lan egin zuten Urbi-Basauriko Alvarez Vazquez Lantegian. Lantegi horren jabea Amable Alvarez Vazquez izeneko galego bat zen. Erronkak gustuko zituen gizon honek Urbiko lantegia sortu ondoren, beste bi eraikitzeko helburuari ekion zion: bat Montevideon eta bestea Argentinan. Argentinakoa altxatzeko, berarekin aldez aurretik lan egiten zuten lau enplegatu aukeratu zituen, haien artean nire aita. Lau gizon horiek 1943. urtean heldu ziren Rio de la Platara lehenengo 'hotzeko ijezketa' industria metalurgikoa muntatzeko. Ama zazpi urte ondoren etorri zen, nire ahizpa Mariasten, Espe, Rosi eta nirekin. Bera Alvarez Vazquez-en idazkaria izan zen jubilatu arte.

-Beraz, zure familiaren historiak bultzatu zaitu liburu hau idaztera?

Alde batetik bai. Bestetik, Toki Eder Euskal Etxekook beti galdetzen diogu geure buruari zergatik dauden hainbeste euskaldun eskualde honetan. Behin Maria Esperanza gure ahizpak kontatu zuen berak oraindik gogoan zuela nola heltzen ziren Eskal Herriko gizonak Jose C Pazera lantegi honetan lanera. Eta gero haien familiak. Lantegiak 1970ean itxi zituen ateak, baina immigrazio prozesu horrek ez zeukan atzera bueltarik. Nik baneukan esperientzia historiaren arloan; hori dela eta ausartu nintzen Alvarez Vazquez Lantegiarena berreskuratzera.

Honetarako, Toki Eder Euskal Etxearen laguntza izan nuen eta oso baliagarria gainera. Euskal Etxearen helburua euskaldun horiena ez ezik, garai hartako etorkin guztien pentsaera, bizimodua eta kemena berreskuratzea zen. Datorren urteari begira historia hauek zabaltzeko oso aukera ona izango dugu, FEVAk eskatu baitigu Buenos Aires Nazioarteko Liburu Azokan aurkezteko eta hor izango gara.

-Eta zer utzi dizu liburu hau idazteak?

Hamaika oroitzapen gogora etorri dira liburua idazteko prozesuan. Lagun askoren laguntza ere izan dut bide honetan eta hori ere azpimarratzekoa da. Immigranteei merezitako omenaldia da hau, Argentinan geratzea erabaki zuten immigrante horiei. Liburuaren hasieran 'Izan zirelako gara, izan garelako izango dira' esaldia dago eta uste dut euskaldunon esaldi honek ondo laburtzen duela liburuaren funtsa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia