San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko BEO (Basque Educational Organization) euskal elkarteak deia zabaldu du, Estatu Batuetan edo Diasporan diren irakurleei zuzendua, gaur astelehena ekainaren 10ean egingo duen bere 'BEO Book Club'aren bigarren saioan parte hartzekoa. Partaidetza libreko saioa da, eta Robert Laxalt-en "Sweet Promised Land" obra hautatu du hizpide. Liburuak idazlearen aita xiberotarraren estatubatuartze prozesua aipatzen du, 50 urtez AEBn bizi ondoren lehenengoz Euskal Herrira itzultzen dela eta.
'Sweet Promised Land' 1957an argitaratu zen lehenengoz, ingelesez (New York: Harper & Row, 1957), eta hainbat edizio izan ditu geroztik. Frantsesezkoa 1972an. Euskaraz bi bertsio izan ditu, lehena 'Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan' izenburupean Xabier Mendiguren Bereziartuk 1988an Elkarrek argitara emana; eta bigarrena, euskara xiberotarrera, 'Aita artzain zen' izenburupean, Panpeia Etxebarne euskaratzaile (Maule, Sü Hazia, 2010). Gaztelaniaz 2.000. urtean atera zen.
BEOren Irakurle Klubak bigarren elkarretaratzea izango du gaurkoa. Aurrekoan Elizabette Guéçamburu euskal kaliforniarraren 'Murder at the boardinghouse' polizia nobela hartu zuten solasgai, egilea bera partaide zela.
Hitzordua, ekainaren 10ean, astelehena, 6:00pm-etan (7:00etara), Kaliforniako ordua (Euskal Herrian, astearte goizaldeko 3:00ak).
— Informazio gehiago, edo topaketan parte hartzeko, egin klik hemen.
Basque Educational Organization (BEO) San Frantziskon egoitza duen euskal kulturaren aldeko irabazteko asmorik gabeko erakunde bat da. Dohaintzaren bat egin nahi badiozu, hemen egin dezakezu.