euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Benoit Etxeberri: 'Azkarateko Diasporaren Zentrua ez da museoa izango, munduko euskaldunentzako etxea baizik'

2007/11/08

Azkarateko jauregia, berriz ere egoera egokian ipintzeko bidean (arg. EuskoSare.org)
Azkarateko jauregia, berriz ere egoera egokian ipintzeko bidean (arg. EuskoSare.org)

PUBLIZITATEA

Zortzi Probintziak irratsaioaren gidaria eta Iparraldeko EuskoSareren koordinatzailea izateaz gain, Benoit Etxeberri lapurtarra Azkaraten Euskal Diasporaren Nazioarteko Zentrua egiteko ekimenaren bultzatzaileetako bat ere bada. Zentrua Nafarroa Behereko Azkarate herriko jauregian egingo dute eta 2009ko martxorako prest egongo omen da. Bertan Euskal Herria ezagutzera datozen euskaldunak eta Diasporari buruz ikasi nahi duten lagunak hartuko dituzte.
Euskal Diasporaren Nazioarteko Zentruaren ekimena aurrera doa eta arduradunak 2009ko martxoan inauguratzeko planak egiten ari dira. Hori adierazi dio EuskalKultura.com-i Benoit Etxeberrik. Bera da ekimena abian jarri zuena, Euskal Argentina elkarteko Martin Errekartekin batera, bertako Herriko Etxearekin elkarlanean. 'Zentrua ez da museo bat izango, baina bertan euskal Diasporan interesa duen orok gai honetan sakontzeko tresnak izango ditu: genealogia bulego bat, Iparraldeko EuskoSareren bulegoa eta Euskal Argentina elkartearen egoitza, adibidez', azaltzen du Etxeberrik.

Honetaz gain Azkarateko jauregian 16 ohe egongo dira, Euskal Herria ezagutzera datozen diasporako euskaldun, familia eta ikertzaileentzat. Zentrua Azkarateko herritarrentzako topagunea ere izango da, aisia eta kultur ekimenetarako egokituta. 'Izan ere, Azkarateko Udaletxea da ekimena bultzatzen duen erakundeetako bat, Eusko Ikaskuntzarekin batera', aipatzen du Etxeberrik.

Emigrazioaren Euskal Museoarekin lankidetza harremana

Etxeberrik zentrua ez dela museoa izango azpimarratzen du, Jaurlaritza bultzatzen ari den Emigrazioaren Euskal Museoarekin talka egiten duen ekimena izan ordez, elkarren osagarri diren bi egitasmo direla azalduz. 'Azkarateko ekimena munduan inon egin ez den egitasmoa da: euren sustraiak ezagutu nahi dituzten diasporako kideak errezibitzeko etxea. Horregatik Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, bi ekimenen arteko lankidetza bultzatzeko asmoz', segurtatzen du.

Azkarateko ekimenak arrapostu ona izan du Diasporako euskaldunen artean, Etxeberriren hitzetan, eta dagoeneko izan da jauregiko lanak ikustera hurreratu denik ere. Azpimarragarria da aurtengo uztailean eta iaz ere jauregiaren berritze lanetan lagundu zuten gazteen kasua. 'Esperientzia zoragarria izan da, oso aberasgarria', azaltzen du Etxeberrik. 'Parte hartzaileen artean Euskal Herriko gazteak eta turkiarrak, korearrak, argentinarrak edota uruguaiarrak egon dira. Tartean Diasporako euskaldunak ere izan dira, Chacoko Fátima Solís, adibidez', dio.

[Goiko irudian Azkarateko jauregian aurtengo uztailean lanean jardun zuten gazte batzuk (argazkia FatimaSolis)]

Ekimenean interesa dutenei, Azkarate bisitatu, Zentruaren bloga ikusi eta zuzenean arduradunekin e-mailez harremanetan jartzeko gonbitea luzatzen die Etxeberrik.


Lotura interesgarriak

Azkarateko bloga
EuskoSareren webgunean

Chacoko neska baten parte hartzea Azkaraten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia