Benito Juárez, Argentina. Hamar bat gizatalde eta 150 pertsonatik gora partaide, Benito Juárez herrian "Te Musikal" bat antolatu dute Immigrantearen Eguna ospatzeko. Euskal Juárez elkartearen eskutik, Tandilgo Gure Etxeko 'Berriz Elkar' dantza taldea gonbidatua izan zen parte hartzera eta euskal dantzariei ikuskizuna ixtearen ardura egokitu zitzaien. Bertako Gizataldeen Batzordea antolatzaile, 'Juan Bernal Torres' Herri Liburutegia laguntzaile, ospakizuna joan den igandean, irailaren 3an, egin zen Espainiako Elkartearen egoitzan.
Euskal dantza taldeen buru ibilbide luzeko Carlos González zuzendari, Berriz Elkar 2019ko apirilean sortu zen. Hasiera batean, Tandilgo Euskal Etxeko dantzari ohiak biltzeko asmoz, baina berehala zabaldu eta "dantzatu nahi duen pertsona oro taldera gehitzen hasi zen, adin mugarik gabe". Horrela batu zen Gure Etxeko idazkari Carolina Minaberry, orain dantzari ere badena eta Immigrantearen Egunean euskal komunitatea ordezkatu zuen taldeko partaide. “Esperientzia benetan polita izan zen, ederra. Ikusentzuleen harrera bikaina, jendeak txalo zaparrada beroa eskaini zigun eta poz pozik geunden denok”, adierazi dio Carolinak berak EuskalKultura.eus-i..
Hunkituta oso
Griselda Di Gianoren eskutik Aurreskua dantzatu ondoren, dantzariek Sorginak (Erre zenituzten), Zazpi jauzi, Fandago eta Arin-arin aurkeztu zituzten. Bertako euskal elkarteko gainerako kide guztiak bezala, Euskal Juárezko erreferente Graciela Elizalde ere oso pozik eta esker oneko agertu zaigu Berriz Elkarrek Te Musikalean parte hartearekin. "Jende gehienak ez zuen euskal dantza ezagutzen", diosku. “Tandilgo taldearen aurkezpenaz komentario ederrak ari dira entzuten hiri osoan. Gainera, Gernikan dudan familiarekin partekatu nituen irudiak, eta haiek ere asko hunkitu ziren Euskal Herriko kultura lantzen jarraitzen dugula ikusita", erantsi digu.