euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Benito Juarez herri argentinarreko kolektibitateek mezuak utzi dituzte 50 urte barruko benitojuareztarrek irakur ditzaten

2017/11/03

Euskal Juarez taldeko ordezkariak herriaren 150. urteurrenean
Euskal Juarez taldeko ordezkariak herriaren 150. urteurrenean

PUBLIZITATEA

Herriaren 150. urteurrena ospatzeko ekitaldietan egin dute. Mezuak ‘denboraren kutxa’ batean sartu dituzte, 50 urte barru, herriaren 200. urteurrenean, kolektibitateetako orduango ordezkari eta belaunaldi berriek, irakur ditzaten. ‘Denboraren kutxa’ gizataldeen omenezko oroitarri berrian ezarri dute eta 150. urteurreneko programa barruan inauguratu. Planen arabera, 2067. urtean irekiko dute kutxa Euskal Juarezek eta herriko gainerako kolektibitateen ondorengoek.

Benito Juarez, Argentina. Ekintza ugari antolatu zituen Buenos Aires probintziako Benito Juarezeko Udalak herriaren 150. urteurrena ospatze aldera. Kolektibitateen elkarteek partaidetza nabaria izan zuten jai egitarauan, besteak beste herriko lehenengo biztanleak, leku askotatik etorritako etorkinak, gogoa.

Gizataldeen omenezko oroitarri berria ‘Willer Cardoso’ enparantza txikian dago kokatuta eta oraingoz bi ikur ditu. Euskal Juarez taldeko erreferente den Maria Elena Haedok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Kolektibitateetako lagunok bultzatutako proiektu bati esker eta udalaren babesarekin lehen harria eta ‘denboraren kutxa’ bat jarri genituen. Kutxan oroigarriak eta mezuak gorde ditugu. Asmoa da 2067an, herriaren bigarren mendeurrenean, orduango kolektibitateetako ordezkariek irekitzea, tartean euskal gizataldearen ordezkariak izango diren gure bilobek”.

Monumentua dagoeneko inauguratu badute ere, beste lan batzuk egingo ditu udalak bere ingurua apaintzeko. Kolektibitateek aurkeztutako proiektu baten baitan, mastak ipiniko dira enparantzan –etorkinen jaioterriko banderak jartzeko–, herri bakoitzaren mapa bat, eta etorkinak herrira nola iritsi ziren azaltzen duen testu bat ere jarrita.

Euskal Juarez-en 150. urteurren ekintzen egitarauarekin jarraituz, herriko desfile zibiko-militarrean ere hartu zuen, ikurrina eskuan. Kolektibitateen partaidetza izan duen lehenengo desfilea izan da 2017koa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia