euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Benito Juarez herri argentinarreko ‘Euskal Juarez’ taldea euskaldunen ordezkari bertako Kolektibitateen Jaian

2015/10/27

Euskal Jaurez izeneko talde berriaren standa Kolektibitateen Jaian
Euskal Jaurez izeneko talde berriaren standa Kolektibitateen Jaian

PUBLIZITATEA

Osatze prozesuan dago Benito Juarez herriko euskal taldea baina hala ere komunitatearekiko duen engaiamendua ondo asko betetzen du. Izan ere, azken bi urteetan egin bezala, Euskal Juarez izenpean bilduta dauden herriko euskal jatorrizko lagunek parte hartuko dute aurten ere Kolektibitateen Ekitaldietan. Hitzorduak azaroaren 9an –Erakusketa Estatikoa– eta 14an –Gizataldeen Afaria– izango dira.

Benito Juarez, Argentina. Buenos Aires probintziako hegoaldean Argentinako hiriburutik 400 kilometrora kokaturik, hamabost mila biztanleko herri bat da Benito Juarez.. Eskualdeko gainerako herriek bezala –Tandil, Tres Arroyos eta Azul 90 bat kilometrora dauzka– bere euskaltasunez harro dagoen populazio handia du. Testuinguru horretan, indarrak batu eta talde bat osatzen hastea erabaki zuten 2013. urtean euskal jatorrizko lagunek.

Taldea txikia izanik ere, leku garrantzitsua ari da irabazten komunitatean. Hiru urte baino gutxiagoko epean herriko gizataldeen ekitaldietako protagonista nagusietako bat bihurtu dira. Euskal Juarez izeneko taldeak 2013 eta 2014ko Kolektibitateen Festetan hartu zuen parte. Are gehiago, iazko jaialdian, Angie Aguirre Choque euskal taldearen ordezkaria izan zen hautatua Gizataldeen Erregina, eta aurreko urtean standak berak irabazi zuen stand onenarentzako saria.

Kolektibitateen ekitaldiez aparte, euskal gaietan sakontzeko ekintzak ere antolatzen dituzte juareztarrek. Ekimenaren bultzatzaile nagusietako bat den Maria Elena Haedok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “oso lagun gutxi gara oraindik, baina ahal dugun neurrian biltzen gara gauzak antolatzeko eta gure artean euskal kultura lantzeko. Adibidez, iaz euskara ikasten hasi ginen. Oso oinarrizko edukiak, baina hala egin genuen Tandilgo euskal etxean ikasle ibilitako lagun batekin. Orain utzi beharrean suertatu gara, baina asmoa da momenturen batean berriro hasi ahal izatea. Bestela, badaukagu zeregin polita Kolektibitateen Ekitaldietan”, adierazi digu Haedok.

Taldearen datozen hitzorduei dagokienez, azaroaren 9tik 14ra dute hurrengoa Euskal Juarez taldeko lagunek. Larunbat horretan gizatalde bakoitzak bere kulturaren ikur adierazgarrienak azalduko dituzte herriko Erakustaldi Estatikoan. Erakusketa herriko liburutegiko Irakurtze Aretoan izango da. Azaroaren 14an, berriz, Kolektibitateen Afariaren txanda heldu da, elkarte espainiarreko egoitzan. Komunitatearekin kontaktuan egoteko, kontu bat zabaldu dute taldeko lagunek Facebooken, Centro Vasco Benito Juarez izenpean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia