euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka Euskal Etxeak 'Immigrante bati elkarrizketa' lehiaketarekin ospatuko du Etorkinen Eguna

2008/08/19

Duela bi urte eginiko lehenengo literatur lehiaketako iarabazleak: Norma Gladys Clinet, lehenengo saria, eta Pilar López, bigarrena
Duela bi urte eginiko lehenengo literatur lehiaketako iarabazleak: Norma Gladys Clinet, lehenengo saria, eta Pilar López, bigarrena

PUBLIZITATEA

Urtero ospatzen da Immigrantearen eguna Tres Arroyoseko Euskal Etxean. Aurten 2006an bezala, besteak beste Literatur lehiaketa batekin. Proposamena elkarrizketa bat idaztea da, benetako edo alegiazko immigrante bati egindakoa. Galderak immigranteen bizimoduarekin lotuak behar dute izan eta erantzunen bidez etorkinen bizitzari buruzko jakingarriak eskuratu behar dira. Deialdia zabala da eta hamabost urtetik gorakoek har dezakete parte. Epaimahaiak bi lan aukeratuko ditu eta irabazleek diruko saria zein diplomak jasoko dituzte urrian, euskal etxeak antolatuko duen jai batean. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 30ean bukatuko da.

Tres Arroyos, Argentina. Buenos Aires probintziako istorio ezaguna errepikatuz, Tres Arroyos etorkinek sortutako hiria da eta karia hortara bertako euskal etxeak urtez urte omenaldi berezia egiten die, kasu honetan batez ere Europatik etorritako immigranteei. Orain dela bi urte, ‘Gutuna nire aiton immigranteari' izeneko literatur lehiaketa antolatu zuten eta izandako arrakastari erreparatuz, aurten ere beste literatur lehiaketa bat antolatzea erabaki dute.

Azpimarratzekoa da hiriko enpresek eta familia euskaldunek sustatutako ekimena dela.

Lanaren gaiari dagokionez, antolatzaileek proposatu dutena benetako edo alegiazko etorkin bati egindako elkarrizketa da. Elkarrizketa egiteko, ereduari jarraitu behar zaio, hau da, kazetari-lan gisa egituratua behar du, eta kontuan izan behar dira egilea (kazetaria), mezua (berriaren garapena), eta inguruaren eta lekukoen deskribapena. Modu batera edo bestera, kazetariak egin ditzakeen oinarrizko galderak hauek dira: “Zer gertatu da? (gertaera bati begira); non eta noiz? (gertaeraren kokapena); zergatik? (gertaeraren arrazoiak); nola gertatu da? (gertaeraren deskribapena); nortzuk dira protagonistak?”. Galdera hauen erantzunak elkarrizketaren muina izango dira eta idazlenean agertu beharko dute lehiaketan parte hartzeko.

Epaimahaiak, Euskal Etxeko zuzendaritzak aukeratuta, bi lan hautatuko ditu, eta beste hainbeste sari emango: 400 peso lehenengo irabazleari eta 300 bigarrenari, biak diplomekin batera. Sariak urrian, Hiru Errekak antolatuko duen jai batean banatuko dira

Oinarriak

1.- Elkarrizketa benetako edo alegiazko etorkin bati egin behar zaio

2.- Elkarrizketaren gaia askea izango da (nolakoak izan dira Argentinan emandako urteak, etxetik irteera, Argentinara etorrera, herrimina, ohiturak...)

3.- Deialdia irekia da eta 15 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.

4.- Lanak hiru orrialdeko luzera har dezake gutxienez eta 5 gehienez, A-4 neurriko orrialdeetan.

5.- Gutunazal itxian, elkarrizketaren hiru kopia, bere izenburuarekin eta egilearen izengoitia jarri behar dira. Beste gutunazal itxian, egilearen benetako datuak jarriko dira: izen-abizenak, izengoitia, helbidea, posta elektronikoa, eta telefono zenbakia.

6.- Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 30ean bukatuko da. Honako helbidera bidaliko dira: Hiru Erreka Euskal Etxea, Sarmiento kaleko 375 zenbakian, B7500GJG Tres Arroyos. Telefono zenbakia 02983 421121.  Ez dira epez kanpoko lanik onartuko.

7.- Euskal Etxeko zuzendaritzak aukeratuko du epaimahaia.

8.- Arau hauek betetzen ez dituzten lanak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

9.- Euskal Etxeak ez die egileei lanik itzuliko eta antolatzaileen esku geratuko da lanak argitaratzeko eskubidea.

10.- Hiru Errekako Zuzendaritzako kideek ezin izango dute parte hartu.

11.- Lana aurkeztearekin oinarriak irakurri eta onartu direla ulertuko da eta oinarrietatik kanpoko erreklamaziorik ez da onartuko.

Lotura interesgarriak

'Hiru Erreka' Euskal Etxea, Buenos Aires Probintziako Tres Arroyos, Argentinan
www.hiruerreka.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia