Montevideo, Uruguai. Beñat Torres Lete filologo, kazetari eta bertsozale/lari gipuzkoar gaztea (Urretxu, 1995) Montevideon da duela bi hilabetedanik Etxepare Euskal Institutuko euskara eta euskal kultura irakurle lanetan, Uruguaiko Errepublikako Unibertsitatean (Udelar deitua). Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ari da irakasle hiriburu uruguaitarrean, eta hiru ikastalde dauzka ardurapean.
Ez du hau jaioterritik atera eta beste herrialde batean denboraldia pasatzen duen aurreneko aldia, hala egina baitu lehenago Europan, baina bai ozeanoaren bestaldera etorrita duen lehenengo esperientzia. Zerbait desberdina ezagutzeak erakartzen zuen, eta Montevideorekin abagunea egokitu zitzaion. 2024eko bukaera arte geratzeko asmoa du Uruguain, ohitura eta bizimodu berrietan murgildu eta beste ikuskera batzuk ulertzeko aukera baliatzeko. “Eta ildo horretan, oso aberasgarria ari da izaten” aitortu dio EuskalKultura.eus-i.
Euskara zabaldu bertsotan kantatzen
Beñatek familiarengandik jaso du bertozaletasuna. Montevideora iritsi eta gutxira, ongietorri festa bat antolatu zioten, ongietorri festa berarentzat, azken agurrekoa bere aurreko irakurle Saioa Otxandorena Satrustegirentzat. Saioaren ahotik jakin zuten bertaratutakoek irakurle berria bertsolari “amateurra” —hala dio berak— ere badela. Beraz, azkar asko, Euskara Munduan-eko bertako kideek bertsolaritza tailer bat eskaintzera gonbidatu zuten. “Oso gustura” dago horrekin.
“Hemen Montevideon euskara hutsean eta arazorik gabe bertsotan aritu eta bertso munduan jorratzeko gune bat izatea, apartekoa izateaz gain, eskertzeko modukoa da!” adierazi digu Etxepare Euskal Institutuko irakurle montevideotar berriak.