Redondo Beach, AEB. “Dastamenean eta usaimenean oinarritutako Euskal Herriaren leiho bat” bezala deskribatu du Beñat Ibarrak A Basq Kitchen jatetxe berria, buletin honekin solasean. Sasoian sasoiko eta bertako produktuak ere izango dira jatetxeko ezaugarria: “Bertako produktuekin nahi dut sukaldatu, ahal dela, urtaroen erritmoari jarraiki. Hori da ama lurrak nahi duena”, ebatzi du.
Menuari begirada zeiharra emanik, argi dago Ibarrak Hegoaldeko (eta hegoalderagoko) sukaldatzeko modu batzuk izan dituela Iparraldekoak baino presentago: arkumea, entsalada, baina bai eta tortilla, kroketak, patata minak… “Hala da”, aitortzen du. “Frantziako jakiek euskal sukaldaritzan izaniko eragina ez dut bereziki gustuko, Espainiakoek izandakoa bai. Horrez gain, uste dut Hegoaldeko sukaldaritza dela gaur Euskal Herriko abangoardia” baitetsi du. Haatik, eboluzionatzen joango da menua eta, orduan, Pirinioetako alde bietako jakiak eskaintzen joango omen da.
Marmitakoa eta Kalimotxoa
Baina, zein izango da, Ibarraren esanetan, ABK-en plater ezagunena? “Marmitakoa”, dio sukaldariak zalantza izpirik gabe. “Bertako hegalaburrarekin egingo dut, bertako arrantzaleek hartuak. Ontziak jatetxetik 7 metrora ditugu!”. Eta atunaren sasoia behin bukatuta, beste sasoiko arrainekin egingo du marmitakoa. Horregatik ere, aitortu du, gauza berriak frogatzeko tokia izango dela A Basq Kitchen.
Edariei so, ardo zerrenda erakargarria biltzen du ABK-k, baina Kalimotxoa izango omen (eta dagoeneko bada) bezeroen edari kutuna. “Euskal Herrian izan direnak pozik edaten dute eta inoiz edan ez dutenei irriñoa ateratzen die”. Betiko Kalimotxoaren errezeta sinpleari (baso erdi ardo beltz eta baso erdi Coca Cola), baina, patxarana eta limoi zerra bat gehitzen die chefak, "are zapore hobea izan dezan". Eta ezin esan bertaratutakoek maite ez dutenik, bere hitzetan, ardo salmentaren %40a Kalimotxoa baita!
Sukaldaria
Baionan jaio zen Beñat Ibarra 1956an. Eta 22 urte zituela mundua ezagutzera atera zen: Kanada, Bahamak, AEB (Florida, Washington, Texas…), Singapur, Txina (Hong Kong) eta atzera ere AEBetara (hamalau urte Las Vegasen eta, orain, Kalifornian). Esperientzia guztiak izan zaizkio aberasgarriak baina, antza, eta tastewiththeeyes.com blogean egin zioten elkarrizketa batean esan legetxe, kalifornian topatu du jaioterriko inguru antzekoa, baina tenperatura hobearekin.
Egun, ABKren burua izateaz gain Palos Verdes-en (Kalifornia, AEB) dagoen Terranea Resort-eko sukalde burua ere bada. “Ez dakit nondik hartzen dudan denbora”, aitortu digu irribarretsu. Baina pasioa dagoenean tarteko, denbora atxematen omen da. Eta Ibarra, suaren artearekiko duen maitasunak gidatzen du.
A Basq Kitchen
Pintxoak, Tapak & Ardoa, Redondo Beach-eko hondartza aurrean
136 N. International Boardwalk, Redondo Beach CA-900277
Telefonoa: (310) 376-9215
Email helbidea: abasqkitchen@gmail.com
Facebook: /abasqkitchen