euskal diaspora eta kultura
2011/09/15
PUBLIZITATEA
Arantza Rodriguez/Bilbao, Bizkaia. Hogeita hamar urte pasexe dauzka eta Txina dauka oraingoz bizileku. Musika aldetik eragin anitzekoa da eta, besteak beste "pop indie, post-rock eta folk amerikar iturrietatik edaten du" dio mungiarrak. Txinako musika munduan handiena den atarian astebetez lehenengo postuan egoteari buruz galdetuta, "ez genuen ezertarako espero", dio, "baina horrek aukera eman digu hilabetetik goragoko bira bat egin ahal izateko hiri garrantzitsuenetan, hala nola Shanghai, Beijing, Chengdu, Xiamen, Ningbo, Nanjing, Wuhan, Xian, Hangzhou... 35 kontzertu eman ditugu eta gonbidapena jaso dugu Alemanian jotzeko azaroan", esaten du, berriongatik harrituta oraindik ere.
Fisika karrera erdizka utzita, euskara hiztegi konpainia batean lanean aritu ostean, Beñatek puskak hartu eta Asia aldera abiatu zen txinera ikastera. Eta hiru urte daramatza bertan. "Hasieran, hizkuntza mintzatzen ez nuenez, zaila izan zen. Gaztelania eta ingeles eskolak ematen nirtuen, ezteietan eta bestelako bileretan jo ohi nuen", oroitzen du. Eta kontzertu bat ematen ezagutu zuen, hain zuzen, Xujun, musika arloan bere laranja erdi txinatarra dena. "Publikoan zegoen. Emanaldia eta gero musikaz hasi ginen hizketan eta gaurdaino".
Ekologia eta globalizazioa
Biak "natura eta arbolaren sinbologia" maite zutenez, elkarrekin sortu zuten duela urtebete The Tree musika alternatibo taldea, eta uztailean plazaratu zen Txinan euren diskoa. "Xujun da kantari nagusia eta perkusioa jotzen du. Ni gitarra naiz, baina diskoan baxua ere jotzen dut, sintetizadoreak eta soka instrumentuak, mandolina eta ukelelea esaterako, eta koroak egiten ditut", azaltzen du Euskal Herrian zegoela Póg mo thón, Akustika eta Big Fingers and the Love bezalako taldeetan aritu zen mugiar honek. "Diskoa entzun dutenek guztietarik esan digute, bluegrass eraginak ditugula esatetik hasi Sigur Rós-en antza daukagula esateraino", dio.
(Elkarrizketa, bere osotasunean, gaztelaniaz irakur daiteke Deian
Egun batzuk geroago, Berria egunkariak Beñat Fuentesen berri eman du, honako artikuluaren bidez:
Beñat Fuentes mungiarrak hiru urte daramatza Txinan; The Tree taldea sortu du han, eta arrakasta handia du gaur egun. Maiatzean, 'Xiami.com' Txinako musika ataririk handieneko lehen postuan egon zen taldea.
Nagore Ares/ Mungia. Txinera ikastera joan zen Pekinera Beñat Fuentes mungiarra, eta hango hizkuntzak eta kulturak erakarrita, hiru hilabeteko ikastaroa hiru urtekoa bihurtu da. The Tree taldeko sortzailea da Fuentes; musika alternatiboa egiten dute, eta arrakasta handia du gaur egun. Maiatzean, Xiami.com Txinako musika ataririk handieneko lehen postuan egon ziren astebete baino gehiagoz; horri esker, herrialdeko hiri nagusietatik bira musikala egiteko aukera izan zuten hilabetez. Uztaila hasieran, taldearen izena daraman lana kaleratu zuten.
Euskal Herrian hainbat estilo jorratu zituen Pog Mo Thon, Akustika eta Big Fingers taldeekin; metala, musika esperimentala eta folka jotzen zituen, besteak beste. The Treeren estiloa definitzea zaila egiten zaio, ordea; «alternative» dela dio. Taldekide biek zenbait estilo jorratu dituzte aurretik; «Horregatik, zerbait libreagoa egitea erabaki genuen», azaldu du Fuentesek.
Ingelesez kantatzen dute batez ere, baina badute euskarazko eta txinerazko letrarik ere: «Ingelesarena diskoetxeak eskatuta izan zen. Guk gustura onartu genuen, baina biok gure identitatearen parte hori sartu nahi genuen; txinera eta euskara sartu nahi genituen». Kantak ekologiaz, globalizazioaz eta amodioaz mintzatzen dira, «baita korrontearen aurka joatearen garrantziaz». Fuentesek beti izan du korrontearen kontra doanaren sentsazio hori, eta sentimendu horren garrantzia bere abestietara eramateko beharra sentitu du.
Xujun da taldeko abeslari nagusia, eta, horrez gain, perkusioa ere jotzen du. Mungiarrak dioenez, «hasieratik egon zen euskaraz abesteko prest, eta ordu pila bat sartu zituen gainera; berak hala eskatuta izan zen». Fuentesek gitarra jotzen du, baina diskoan baxua, mandolina eta ukelelea ere jo ditu.
Fuentesen kontzertu batean ezagutu ziren. Hasiera batean, ezkontzetan eta horrelakoetan jotzen zuen, eta horietako batean ezagutu zuen Xujun; hark bideo baterako musika egitea proposatu zion. Haien elkarlanetik sortu zen The Tree proiektua: «Hango artista pare baten bideoentzako musika egiten genuen, ez zen talde moduan, baina konturatu ginen elkarrekin gauza batzuk genituela eta taldea egitea merezi zuela». Ordutik aurrera, diskoa grabatu eta kontzertu mordoa eman dituzte talde gisa. Bereziena kobazulo batean izan zen; kobazulo hori tenplu budista ere bada, eta enkarguz idatzitako emanaldia eskaini zuten.
Lau milioi biztanleko 'herria'
Hasiera batean Pekinera joan zen Fuentes, baina, behin Txinan geratzea erabakita, hegoalderako bidea hartu zuen, leku txikiago batera, lau milioi biztanleko herri batera: «Hiru hilabete egin nituen Pekinen, baina leku handiegia da eta kutsadura handia dago; hori ikusita, nahi nuen leku txikiago batera joan. Gainera, bizi naizen lekuan badago mendia, eta laku bat ere».
Han ez du integratzeko arazorik izan: «Ez nintzen nire lekuan, eta saiatu behar nintzen haien ohiturak ikasten, nahiz eta hasiera batean batzuek harritzen ninduten. Haien modura bizi nintzen, eta hasieratik kuadrilla txinatarra izan dut; eta horregatik, akaso, txineraz ikasi dut».
Hasiera batean gaztelerazko eta ingeleseko klaseak eman behar izan zituen dirua irabazteko. Itzulpenak ere egiten ditu sarri txineratik ingelesera, baina, azkenaldian, batez ere musikaz bizitzea lortu du.
Euskal Herrian ez bezala, Txinan musikatik bizitzerik badagoela dio: «Euskal Herrian oso gutxik lortzen du musikaz bizitzea. Oso ona izan behar duzu, edo suerte handia izan. Txinan, nahiz eta talde asko egon, entzule pila bat dira; Euskal Herrian, ia talde gehiago dago entzuleak baino; ez dago entzule nahikorik horiei babesa emateko, eta han, ostera, bai».
Hala ere, badu Euskal Herrira bueltatzeko asmorik: «Oraingoz, han daukat dena, baina etorkizunean hemen bizi nahi dut, Euskal Herrian, hori argi dut; hau asko maite dut, eta hemen nahi dut bizi. Hemen musika egiten jarraituko dut, baina, horretaz bizitzea, amestu ere ez».
(2011-09-25ean Berriak argitara emana)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus