euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beloke desagertu egingo da: Omenaldia igandean, EHan eta Diasporan eragile garrantzitsua izan den monasterio lapurtarrari

2022/01/21

Otoitza eta fede aktiboa lantzearekin batera, Diasporarekiko loturagune, euskararen baratze eta euskaltzaleen babesleku ere izan da 1875etik Belokeko monasterioa beneditarra
Otoitza eta fede aktiboa lantzearekin batera, Diasporarekiko loturagune, euskararen baratze eta euskaltzaleen babesleku ere izan da 1875etik Belokeko monasterioa beneditarra

PUBLIZITATEA

Beloke, Lapurdi. Euskal Herrian eta Diasporan erreferentzia eta eragile garrantzitsua izan den Belokeko monasterio beneditarrak ateak itxiko ditu. 1875ean Ahurti herri lapurtarreko lurretan eraiki zutenetik rol garrantzitsua bete du Euskal Herriko bizitza espiritualean eta bertatik igaro dira historian zehar Iparralde osoko bokazioak eta baita Hegoaldekoak ere. Belokeko fraideei lotuta sortu zen Lazkaoko monasterio beneditarra, hau ere euskarari eta euskal kulturari zinez lotua. Eta Belokeko fraideak munduan barrena ibili dira Jerusalemen, Afrikan, Argentinan, AEBan, besteak beste ezinbesteko tresna izanik, esaterako, Kaliforniako lehenengo euskal etxeak sortzen.

Izan ere, fede arloan izan duen rol garrantzitsuaz gain, euskararen eta euskal kulturaren lantoki eta gordailu ere izan da Beloke, eta euskara eta euskaltzaletasuna, lagun eta tresna izan dute bertako hainbat fraidek. Zerikusi gutxi daukate, ordea, monasterioa sortu zeneko garaiak, eta egungoak. Sortu eta 147 urtera, bokazio faltak ekarri du aspalditik ikus zitekeen akabera, eta gelditzen diren hamalau fraideak adinean aski gora etorriak dira, eta lekua handiegia dute. Udaberri honetan egungo lekutik bostehun bat metrora aldatuko dira, seroren komentu batera. Lurrak, Habitat & Humanisme izeneko elkarte kristau frantsesak erosiko ditu. Ahatik, fraideen esku segituko dute elizak, hilerriak eta liburutegiak..

"Euskaldunek Belokeri eskerrak"

"Ikusiz zer inportantzia ukan duen Belokek Euskal Herriarendako eta lan ikaragarri hortaz eskertzeko", aldudar, kristau eta euskaltzale talde batek elkarretaratzea antolatu du bertan "Euskaldunek Belokeri eskerrak" izenpean datorren igandean, urtarrilaren 23an, 15:00etan. Izan ere, Iparraldeko beste herri askok bezala, Aldudek eta aldudarrek lotura estua ukan dute Belokerekin.

Bakarrik Diaspora aipatuta, aldudarra zen, esaterako, 1946an Southern California Eskualdun Cluba sortzen eragile izan zen aita Charles Espelette; edota 1955ean Mendebalde Amerikarreko euskaldunei buruzko liburua idatzi zuen aita Adrien Gachiteguy. Belokek ardura bereziak ukan zituen, besteak beste Oklahoman eta Argentinako Entre Riosen eta Belokek bi abade nagusi ere eman dizkio Beneditarren Ordenari, aita Maur Etcheverry, eta aita Benoit Gariador, aldudarra.

Igandean, kantua eta otoitza euskaraz

Aldudar herritarrek hartu dute bere gain heldu den igandean esker oneko saioaren antolaketa. Euskarazko ekitaldi xinple bezain sakona iragarri dute. Eta bildu nahi duten guztiei luzatu diete gonbitea.

"Igandean, bezperak euskaraz emanak izanen dira. Aldude aldeko talde batek nahi ukan dugu ekitaldi hau antolatu, alde batetik Aldudek eman dituen 17 fraile beneditanoen oroimenez eta denbora berean Belokek, 1875az geroz Euskal Herrian bai eta mundu zabalean Jerusalemen, Afrikan, Oklahoman, Kalifornian, Argentinan gaindi sortu eta eraman dituen sail guzietako lan ikaragarriagatik Jainkoari eskerrak bihurtzeko, euskaldun guzien izenean", adierazi diote EuskalKulturari.

Esker on hori adierazi eta partekatu nahi dutenei eskatzen diete igande arratsaldean Belokera inguratzea. "Otoitz kartsu batean galdegin diezaiegun Jainkoari bere Izpiritua isur dezan gure Euskal Herrian, bai eta mundu guzian". Bezperen aurretik Aldude aldeko hainbat kantarik zenbait kantu --Beloke ekarle handia izan zen musika eta kantugitzan eta euskal liturgia bateratuan-- kantatuko dituzte eta klikak ere hartuko du parte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia