euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Belgikan ere salduko da Laura Mintegiren 'Sisifo maite minez' liburuaren neerlanderazko bertsioa

2011/11/17

Laura Mintegi idazlea eta Henrike Olasolo editorea, Amsterdameko aurkezpenaren ostean egin zen liburu sinaketan (argzkia Zirimiri Press)
Laura Mintegi idazlea eta Henrike Olasolo editorea, Amsterdameko aurkezpenaren ostean egin zen liburu sinaketan (argzkia Zirimiri Press)

PUBLIZITATEA

Amsterdametik itzuli berria da Laura Mintegi idazlea, 'Sisifo maite minez' liburuaren neerlanderazko bertsioa aurkeztetik. Zirimiri Press argitaletxeak larunbatean antolatu zuen ekitaldira jende asko bildu zen, tartean propio Belgikatik eta Holanda iparraldetik etorritako literaturzaleak, eta halako interesa 'sorpresa handia' izan dela aitortu du euskal idazleak. Ekitaldiak euskal kulturarekin harremana duten zenbait lagun ere bildu ziren, hala nola, Rudolf De Rijk ohorezko euskaltzain belgiarraren alarguna. Henrike Olasolo editorea pozik agertu da elaberriak izan duen harrerarekin eta, Holandaz gain, Belgikan ere salduko dela iragarri du, The Standard liburudenda kateak 350 aleko eskaria egin baitio Zirimiri Press-i.

Bilbao, Bizkaia. 'Sisifo maite minez' elaberriaren neerlanderazko itzulpenaren aurkezpen ekitaldiak Holandako eta inguruetako literaturzale eta idazle multzo polita bildu zuen Amsterdameko Perdu literatur fundaziora, Zirimiri Press argitaletxeak deituta, iragan larunbatean.

Laura Mintegi idazlea bertan zen, Aitziber Renteria psikologoarekin solasean maiteminari buruzko lan honen nondik-norakoak kontatzeko prest. "Sorpresa handia eta polita izan zen ikustea zenbat jende etorri zen propio Holanda iparraldetik eta Belgikatik", aitortu dio idazleak EuskalKultura.com-i.

Frisiarrak eta Euskal PEN Club-a

Holanda iparraldean dagoen Frisia herrialdetik etorritako idazleek interes handiarekin jarraitu zuten aurkezpenaren bigarren zatia ere, Mintegik Euskal PEN-Club idazle elkarteari buruz eman zituen azalpenak, alegia. "Hitzaldia elkarrizketa oso bizia izan zen, parte hartze handiarekin. Idazle frisioek ardura berezia dute horrelako gaietan, sentsibilitate nazioanalagatik", esan du Mintegik.

amsterdam Sisifo 1

[Laura Mintegi idazlea eta Aitziber Renteria sikologoa aurkezpenean (Zirimiri Press)]

Musika eta literatura

Ekitaldia Marcel Plaatsman aurkezlearen sarrera batekin hasi zen eta ondoren Mintegik eta Aitziber Renteriak eleberriari buruzko solasaldi/elkarrizketa egin zuten. Ondoren Amsterdamen bizi den Maite Larburu bibolinjoleak, berak idatzitako bi kantu abestu zituen, bata ingelesez eta euskaraz bestea. Euskal Pen-Clubari buruzko hitzaldiaren ostean luze aritu zen Mintegi 'Sisifo maite minez' edizio holandarraren aleak sinatzen. 

 amsterdam Sisifo 2

[Maite Larburu bibonlijolea kantari izan zen Perdu fundazioan egin zen ekitaldian (argazkia Zirimiri Press)]

Belgikan ere salgai

Liburuak interesa piztu duela baieztatu dio EuskalKultura.com-i Zirimiri Press-eko Henrike Olasolok, Holandatik kanpo ere. Datozen asteetan Belgikan ere salgai izango da liburua (Belgikako Flandria eskualdearen hizkuntza neerlandera da). "Belgikako The Standard liburudenda kate garrantzitsuak liburuaren 350 ale eskatu ditu. Horrek ez du esan nahi salduta daudenik, baina horrelako kate batek interesa agertzea eta salgarri direla eriztea inportantea dela uste dugu", azaldu du Olasolok.

-Argazki bilduma, Zirimiri Press argitaletxearen Facebook orrian, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia