Belgikako Txitxiburduntziak 750 euro jaso ditu Bedaroako Olabe baserriari laguntzeko
2016/11/22
Txistorra erretzen Belgikako Lendelede herrian egin zen txitxiburduntzian (argazkiak Kasper Berlamont/ Manu Behaeghe)
PUBLIZITATEA
Auzolanaren izpirituak ez du mugarik, hori erakusten du behintzat iragan larunbatean Belgikako Lendelede herrian antolatu zen Txitxiburduntziak. Festaren helburua Bedaroako Olabe baserria biziberritzen eta kultur topagune bilakatzen laguntzea da. Ekitaldiak Bruselako Euskal Etxeko Txalaparta abesbatzaren partehartzea izan zuen. Festarekin 750 euro bildu ziren eta Manu eta Karien Behaeghe antolatzaileek Olabe baserriko teilatua konpontzeko emango dute dohaintzan.
Lendelede, Belgika. Iragan larunbatean, azaroaren 19an, Belgikako Lendelede herriak kultur topaketa oso berezi bat izan zuen: euskal Txitxiburduntzi bat. Izena bera zaila egiten zaie belgiar hiztunei, baina izpiritua antza belgiar ohiturekin bat dator; izan ere deialdiak arrakasta nabarmena izan zuen antolatzaileen esanetan.
"Zorte handia izan genuen eguraldiarekin. Ostiralean sekulako eurijasa bota zuen, eta igandean erauntsia, baina larunbatean ateri izan zen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Manu Behaeghe, ekitaldiaren antolatzaile Karien emaztearekin batera. Manuk euskal jatorria du eta euskal kulturan murgiltzen hasi da azken urteotan. Festaren helburua Olabe baserria berritzeko dirua biltzea zen, etxea kultur topagune bilakatzeko.
Suaren inguruan
Festaren ardatza txitxiburduntziaren tradizioa izan zen: hau da, suaren inguruan bildu eta txerriboda edo txerri-hilketaren produktuak erretzea, esaterako txorizoa, txistorra... "Arratsaldeko seietatik aurrera, gazte zein nagusi, suaren ingurura bildu eta txorizoak erretzen. Batzuk kiskali egin zituzten, baina, tira, denek probatu ahal izan zuten txistorra eta txorizoaren zaporea, hemengo gehienentzako ezezaguna. Txakolina ere oso gustura hartu zuten, hustu genituen botilak ikusi baino eztago!", azaldu du Manuk.
Txalaparta abesbatza
Beranduago, giroa hoztu zenean, festa barrukaldera pasa zen eta han "Ocho apellidos vascos" filmaren emanaldia eskaini zuten. Euskal musika izan zen ondoren, afalostea animatzeko.
Gaueko 21:30tan Bruselako Euskal Etxeko Txalaparta abesbatzak kantaldia eskaini zuen. "Abesti klasikoak abestu zituzten, esaterako "Bagare", "Agur Xiberua" eta "Hegoak". Azken hau entzuleei erakutsi zieten, eta emanaldia amaitu eta ordu askora, jendeak jarraitzen zuen abestia kantatzen", agertu du Manuk.
Elorriotarrak munduan
Eguneko anekdota korua berandu heldu zela izan zen, bidean gurpila zulatu zutelako. Baina behin festara heldu eta kantatu ostean, sorpresa galanta izan zuten. Manuk telefono bidez bideo-konferentzia egin zuen Olabe baserriaren proiektuaren sustatzailearekin, Joseba Attardekin eta telefonoa koruekoei pasa zienean, kantarietako batek Joseba ezagutu zuen bere ere elorriotarra zelako! Txikia da mundua, gero!
Festa goizaldeko ordu txikitan amaitu zen, giro ederrarekin eta helburua beteta gainera: 750 euro bildu ziren eta diru hori Olabe proiektuari emango zaio dohaintzan, baserria kultur topagune bilakatzeko ametsan betetzen laguntzeko.