‘Belascoain, la calle de los pelotaris’ (‘Belascoain, pilotarien kalea’), aditu talde batekin batera Angel Katarain zuzendari ordiziarra garatzen ari den ‘Siete Calles de La Habana’ (‘Habanako Zazpi kale’) proiektuaren baitan kokatu behar da. Ekoizpena, Argentinari dagokionez, Buenos Airesko Euskaltzaleak-en estreinatuko da bihar, Carlos Gabilondoren ardurapean euskaltegiak antolatzen duen Euskal Zine Zikloan. Hitzordua iluntzeko 8:30etan, Bernardo de Irigoyen 826-ko egoitzan.
Buenos Aires, Argentina. Carlos Gabilondo zine adituaren eskutik erakutsiko da, Argentinan lehen aldiz, ibilbide luzeko soinu ingeniaria, produktore eta zinegile den Angel Katarainen lan dokumentala.
‘Siete Calles de La Habana’ izeneko proiektuak euskal izena duten Habanako zazpi kaleren historia hartzen du hizpide. Egileen esanetan, “dokumentalak kale bakoitzaren inguruan eginiko aitorpen eta ikus-entzunezko ikerkuntza dira. Izenen jatorria zein den jakin nahi izate honek iragana modu bitxian ikertzera eramango gaitu. Habanako urbanismoaren eta kale-bizitzaren irudi nahasiak osagai eta osagarri bilakatzen dira, nonahi sortzen den musikarekin batera, hiri-antropologia eta tokiko historia saiakera ere baden material honetan”.
“Habanan hogeita zortzi kale daude euskal izenekin eta bakoitzaren atzean istorio bat dago. Hala ere zazpi hautatu ditugu dokumental sail hau egiteko: Belascoain, Zulueta, Espada, Ayestarán, Loynaz, Aranguren eta Goicuria. Guztietan, helburua bera izan da: Habanako gaur egungo gizartearen testigantza jasotzea, historiaren sustraiak zeintzuk diren ahaztu gabe eta euskal aztarnak bereziki gogoan hartuta”, adierazten du Katarainek.
Hiru estreinaldi
Proiektu osoa zazpi dokumentalek osatuko duten arren, oraingoz hiru daude eskuragai – ‘Belascoain’, ‘Zulueta’ eta ‘Espada’– eta hiruak estreinatuko dira Buenos Airesen, bihar hasita.
- ‘Belascoain, la calle de los pelotaris’ (‘Belascoain, pilotarien kalea’) izenburudunak 1900 eta 1960 urteen artean Habanan bildu ziren euskal pilotarien historia kontatzen du. “Euskal pilotariek oso presentzia handia izan zuten Kuban, eta horren ondorioz arrasto handia utzi zuten; izan ere Belascoain izenarekin ezagutzen da kalea nahiz eta izen ofiziala Padre Varela duen”, azaltzen dute ekoizleek. Kalea abiapuntu hartuta euskal pilotak Kuban daukan historia ere kontatzen du Katarainek luzemetraian.
- ‘Zulueta, Azúcar Moreno’-ri dagokionez, XIX. mendeko esklaboen trafikatzaile nagusietako bat izan zen Julian de Zulueta arabarraren historian sartzen da. Horrekin batera Kubako esklabotza eta Zuluetaren ondorengoen historia ere jorratzen ditu dokumentalak. “Kalea Zulueta izenarekin da ezaguna 1874. urtetik, nahiz eta gobernuak ahalegin handiak egin izan dituen jendeak gaur egungo izen ofiziala, Agramonte, erabil dezan”, diote ikerlariek.
- ‘Espada, ser y hacer sobre el lecho de un volcán’ (‘Espada, izan eta egin sumendi baten ohantzean’) Buenos Airesen erakutsiko direnen azkena da. Bertan 'Espada apezpikua' izenez ezaguna den Juan José Díaz de Espada y Fernández de Landaren bizitza hartzen da hizpide. Katarainek beraz gogoratzen digunez, “garrantzi handia du Espadak irlaren historian, berak eraman zituelako Kubara Neoklasizismoa, Ilustrazioa eta ‘Ongi egitea’. ‘Espada’, dokumentala baino gehiago, La Habanako Unibertsitateko errektoreorde Félix Julio Alfonsok eskainitako hitzaldi ederra da, hainbat adituk orraztuak, tartean Roman Basurto, Alberto Santana, Juan Bosco, Arlo Will... Guztien artean saiatu dira gaur egun gure artean erabat ahaztuta zegoen gizon polemiko honen historia argitzen. Maisutasunezko hitzaldi bat da, musikak eta irudi ederrak ere osagai, argigarria Kubako Pentsamendu Nazionalista delakoaren sorrera ezagutzeko”.
Lehenengo saioa
‘Belascoain, la calle de los pelotaris’ Euskaltzaleak-en proiektatuko da bihar iluntzeko 8:30etan. Ohi bezala, Euskal Zine Zikloaren baitan laburmetraia bat ere eskainiko du Carlos Gabilondok; biharkoa ‘Basker’ izeneko film labur suediarra izango da.
Hurrengo topaketetan ‘Zulueta’ eta ‘Espada’ estreinatuko dira, maiatzean eta ekainean hurrenez hurren.