euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beijing hiriburuan hasi da Korrika TX1, Txinan egiten den aurrenekoa, Shanghaiko Euskal Etxeak antolatuta

2007/03/28

Korrika TX1 Pekineko Tianamen plaza famatuan hasi zen (argazkia Shanghai EE)
Korrika TX1 Pekineko Tianamen plaza famatuan hasi zen (argazkia Shanghai EE)

PUBLIZITATEA

Edizio bakoitzean gero eta leku gehiagotara heltzen da Korrika, munduan zehar sakabanatuta dauden euskaltzale eta euskal etxeen lanari esker. Oraingoan Txinaren txanda izan da eta bertako Beijing hiriburuan bildu da euskaldun eta txinatar talde bat lasterketari hasiera emateko prest. Ondotik Shenzen hirian egingo du bigarren eguna Korrika TX1ek eta larunbatean Shanghain bukatuko da. Bertako Euskal Etxeko kideek hirian zehar ibilbidea egin eta bazkaria egingo dute, KorrikaJaia deitu duten ekitaldian.
Korrika Asiaraino heldu da, Shanghaiko Euskal Etxeko kideei eta Beijing hiriburuan eta Shenzen hirian bizi diren euskaldunei esker. Gazteak dira gehienak eta asko eta asko lan kontuengatik bizi dira Txinan, bertan kokaturiko euskal enpresetan langile. Txinako euskaldun talde honen gogoa eta bizitasuna argi ikusten dira Shanghaiko Euskal Etxe gazteak aurrera atera dituen proiektuetan: apenas bi urte bete berri eta dagoeneko egoitza eta webgune propioak ditu. Orain elkarteko kideek ekimen berri bat abian jarri dute; Korrika (AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa) Txinaraino ekartzea, eta ez nolanahi: Beinjing, Shenzen eta Shanghai hartuko dituen ibilbide batekin baizik. Izena ere, izen berezia eman diote: Korrika TX1, Txinan egiten den lehena.

[Txinan ere Korrikaren alde? Halaxe iradokitzen du Tiananmen plazan hartutako irudi honek (argazkia Shanghaiko Euskal Etxea)]

Joan den larunbatean abiatu zen Korrika TX1, Beijing hiriburuko leku adierazgarrienetako batetik hasita: Tianamen plaza. Bertan bildu zen euskaldun talde bat eta eurekin batera, lagun txinatarrak ere bai. Lasterketa honetako korrikalariek eraman ohi dituzten petoak jantzita eta Korrikaren logoa erakusten zuen pankarta handi baten atzean, 'euskaltxino' talde honek --Shanghaiko lagunek hala esaten baitute-- hasiera eman zioten Txinako Korrikari. Lasterketaren bigarren etapa Shenzen hirian izango da, Hong Kong-etik gertu dagoen industria eta negozio gune garrantzitsua berau.

Larunbatean Shanghain bukaera jaia

Ondoren Korrika TX1 Shanghai aldera abiatuko da eta bertan egingo da euskararen aldeko lasterketa euskal-txinatarraren bukaera ekitaldia, Euskal Etxeak partehartzaileentzat antolatu duen jaiarekin. KorrikaJaia izena eman diote eta elkarteko kide eta lagunak bilduko ditu Shanghai hirian zehar ibilbide bat egiteko. Lasterketa 11:00tan hasiko da eta hiriko hainbat leku zeharkatuko ditu. Zati batean, gainera, partehartzaileak metroa hartuko omen dute eta 'metro barruan korrika' arituko dira, Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez.

Antolatzaileek arropa eta zapata egokiak janzteko gomendioa luzatu diete partehartzaileei, 'ibilbidea luzea baita', ohartarazi dute. Gainera euskal nortasuna adierazten duten elementuak eramateko eskaria ere egin dute ('Euskal Etxearen kamiseta, adibidez') eta egarria agertzen denerako ondo prestatuta joango omen dira (zatoa eramatea da proposamenetako bat). Antolakuntzak AEK-k bidalitako petoak zozketatuko ditu parte hartzaileen artean, 'ez delako denentzat adina egongo'. Ibilbidea Tayuan kaleko 323. zenbakian bukatu da, alegia, Shanghaiko Euskal Etxearen egoitzan. Han partehartzaileentzako bazkaria egingo dute, bukaera biribila emanez Korrika TX1-i

III. Mus Txapelketa

Bestalde, Euskal Etxeko arduradunek Korrikaren berriekin batera elkarteko III. Mus Txapelkataren emaitzak ere ezagutzera eman nahi izan dituzte. Txapelketa joan den asteburuan egin zuten eta hamar bikotek hartu zuten parte. 'Mikel Aiestaran eta Jokin Laspiur gipuzkoarrek osatutako bikotea izan zen txapelduna eta finalean Juanjo Colas eta Yago Leonek osaturiko bikotea gainditu zuten. Zorionak txapeldunei eta partehartzaile guztiei', adierazi nahi izan dute. [Ezkerreko irudian, aurreko Mus Txapelketako partehartzaile eta txapeldunak (argazkia Shanghai EE)]


Lotura interesgarriak

Shanghaiko Euskal Etxea
www.chinaeuskaletxea.com

Baserri bat izango da Kunshaneko euskal poligonoaren bilgunea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 8an

Shanghaiko Euskal Etxeak bere web gune propioa abian jarri du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 13an

Shanghaiko Euskal Etxean Txinako lehen Euskal Ezkontza egin zuten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 31an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia