euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begoña Garcia Migura filologo euskalduna, Vietnamgo Cervantes Institutuko koordinatzaile Hanoi-n

2010/01/21

Ezkerretik eskuinera, Labayrun, zutik: Akaitze Kamiruaga eta Nagore Etxebarria. Eserita: Segundo Oar-Arteta, Begoña García Migura eta Ander Manterola (argazkia Labayru)
Ezkerretik eskuinera, Labayrun, zutik: Akaitze Kamiruaga eta Nagore Etxebarria. Eserita: Segundo Oar-Arteta, Begoña García Migura eta Ander Manterola (argazkia Labayru)

PUBLIZITATEA

Labayru Ikastegiko buletina irakurriz jakin dugu bisita egin berria duela euskal erakunde bizkaitar horrek Derion duen egoitzara Begoña Garcia Migura Labayruko langile ohiak, egun Viernamgo Cervantes Institutuko koordinatzaile denak Hanoi-n. Labayruk ere aditzera eman du Santiago Onaindia Beka Miren Ibarluzeari egokitu zaiola aurten. Quebec-eko Diasporarekin lotura handia izandako mungiarra da Miren, itzultzaile, interpretari eta bertsolari ezaguna, izan ere Montrealen egoitza duen 'Quebec-eko Euskaldunak' taldeko partaide aktiboa izan baitzen Itzultzailetza ikasketak bertan egin zituenean.

Derio, Bizkaia. Ikastegi bizkaitarreko 'Labayru Gaur' buletinak dioenez, joan dan urtarrilaren 8an egin zuen bisita Labayru Ikastegiak Derion daukan egoitzara Begoña García Migura, Hanoiko Cervantes Mintegiko koordinatzaileak. Hispaniar Filologia amaitu eta testu edizioaren gaineko masterra egin ondoren, Garcia Migura Labayru Ikastegiko Hiztegigintza arloan hasi zen lanean. Adolfo Arejitaren zuzendaritzapean, Labayruko Hiztegien (euskera-gaztelania, gaztelania-euskera) idazketa taldean ibili zen. Hiztegiok 2003 eta 2005ean argitaratu ziren eta berrargitalpenak ere izan dituzte.

Ikastegian urte bi egon eta ostean Geneva eta Parisera joan zen ikasketetan sakondu eta eskolak emateko asmoz. Ondoren Hanoira joan zen eta ikasturte bitan (2005-2007) Garapenerako Nazioarteko Kooperazioaren Espainiar Agentzian (AECID) irakurle jardun zuen. 2007ko martxotik aurrera bertako Cervantes Mintegiko koordinatzailea da. Gabonak Bilbon igarota, Hanoiko bere lanera itzuli da. Bere eginkizuna gehienbat, atzerritarrei espainiera irakasteko material didaktikoa sortzea da.

Cervantes institutu espainiarraren webgunean irakurtzen dugu, bestalde, Munikeko bulegoko koordinatzaile Ibon Zubiaur dela eta Bordelekoa Teresa Imizcoz Beunza.

Miren Ibarluzea Santiago Onaindia bekadun

Bigarren berriari dagokionez, Montrealgo Laval Unibertsitatean ikasketak burutzen ibili zen bitartean bertako 'Quebec-eko Euskaldunak' Euskal Etxearekin lotura estua izan zuen Miren Ibarluzea itzultzaile eta bertsolariari dagokio. Izan ere, berari berari egokitu zaio Amorebieta-Etxanoko Udalak, Ametx erakunde autonomoaren bitartez eta Labayru Ikastegiaren lankidetzaz, bi urterik behin ematen duen Santiago Onaindia Bekaren hamaikagarren edizioa, literatura alorreko ikerkuntza sustatzeko asmoz beti ere.

Epaimahaia Lourdes Unzuetak, Miren Atutxak eta Ana Toledok osatu dute. Irabazlea Miren Ibarluzea mungiarra izan da “Literatur itzulpenaren kritika, lehen pausoak” izeneko ikerketa egiteko. Lan honetan itzulpengintzaren kritika akademikoak zelangoa izan beharko lukeen eta horren helburuak eta metodologia zehaztuko dira.

Miren Ibarluzea 1984an jaio zen eta Itzulpengintza eta Interpretaritzan lizentziatua da. Gaur egun Labayru Ikastegian dabil beharrean, Herri Ondarea Mintegian irakaskuntzarako materialgintzan. 2006ko Bizkaiko Bertsolari txapelketan finalaurrekoetan abestu zuen.

Aipatu bere proiektua aurrera ateratzeko 9.000 euro jasoko ditu eta urtebeteko epean bukatu beharko du. Ikerketa lau ataletan egiteko asmoa du: lehenengoan itzulpenaren kritikari buruzko teoria eta metodologiak aztertuz; bigarrenean, euskaratutako literatur lanen gainean idatzitako kritiken korpusa zehaztuz; hirugarrenean, iruzkinen azterketa eginez; eta laugarrenean, ondorioak adieraziz. Guztia Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean eta Gideon Toury eta Even Zohar-ren oinarriak jarraituta. Horren ostean Labayru Ikastegiak argitaratuko du lana Zornotzako Udalarekin egitasmo honetarako daukan hitzarmenaren baitan.

Lotura interesgarriak

Labayru Ikastegia
www.labayru.com

Cervantes Institutua eta non dagoen munduan, Wikipedian
http://es.wikipedia.org/wiki/Instituto_Cervantes

Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxea
www.euskaldunakquebec.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia