euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begoña Echeverria kaliforniarrak Sydney-n aurkeztuko du bihar "The Hammer of Witches", Baztango sorginei buruzko eleberria

2015/03/24

Begoña Echeverria "The Hammer of Witches" eleberriaren aleak sinatzen, Ontarioko Euskal Etxean egin zuen aurkezpenean
Begoña Echeverria "The Hammer of Witches" eleberriaren aleak sinatzen, Ontarioko Euskal Etxean egin zuen aurkezpenean

PUBLIZITATEA

Australian da egunotan Begoña Echeverria idazle, soziologo eta kantari euskal kaliforniarra, bere aurreneko eleberri historikoa aurkezteko. "The Hammer of Witches" izenburua du lanak eta XVII. mendean Euskal Herrian egin ziren sorginkeri epaiketetan oinarritua da. Bihar Sydney-ko Cervantes Institutuan aurkeztuko du; etzi, Gure Txoko euskal etxean. "Eleberri hau idaztea esperientzia katarkikoa izan da, bertan kontatzen ditudanak Baztanen gertatu zirelako, nire familiaren sorlekuan", azaldu dio EuskalKultura.com-i.

Sydney, Australia. Mundua gero eta txikiagoa omen, are gehiago Diasporako euskaldun batzuentzat, haien bizitzan erraz uztartzen baitira, esaterako Nafarroako Baztan bailara, Kalifornia eguzkitsua eta Australiako Sydney. Halaxe da behintzat Begoña Echeverriaren kasuan: Kalifornian jaioa, euskaldunen alaba, euskalduna, kantaria, soziologoa, antropologoa eta berriki, idazlea. Diasporako euskaldunek ere euskal kultura sortzen eta zabaltzen egiten duten lanaren adibide bikaina.

Echeverria literatura munduan estrenatu zen iaz, "The Hammer of Witches" eleberriarekin. Liburuak gertaera historikoak ditu oinarri: 1610ean Baztango Zugarramurdi herrian izan ziren sorginen epaiketak. Ingelesez idatzi du liburua egileak, eta Renoko Unibertsitateko Center of Basque Studies-ek argitaratu du.

Australia jauzi

Aurten Estatu Batuetako euskal etxeetan aurkezpen bira egiten ari da Begoña, eta egunotan Australiara egin du jauzi, Sydney ere liburua ezagutzera emateko asmoz.  Hantxe ikusi dugu asteburuan, Gure Txoko euskal etxeak egin zuen Korrikaren aldeko ekitaldian, Sydneyko badian barrena lasterka. Txapela buruan, ta ibili munduan. Mundu txikia, alajaina!

[Begoña Echeverria, euritako zira laranjarekin, Gure Txoko euskal etxearen Korrikan parte hartzen (argazkia SydneyEE]

"Sydneyko Euskal Etxeak harrera beroa egin dit", esan digu Begoñak. "Bira antolatzen ari nintzenean euskal etxea zuten lekuak bilatu nituen. Eta baita unibertsitateak eta liburudenda independienteak". Eta Sydney-n hiruak daude. Horrez gain, egunotan Australasiako Eleberri Historikoen Elkarteak mintegia egiten du, eta han liburua aurkezteko eta idazleak ezagutzeko irrikaz nago".

Egilearen ustez patuak ere izan du zerikusirik: "Gure Txoko-ko presidente Ruben Alvarok eta Izaskun de Allendek asko lagundu didate antolakuntzan. Izaskun, gainera, Cervantes Institutuko administrazio laguntzailea da eta berari esker auzkepena antolatu dugu han bihar eta etzi euskal etxean. Esku onetan nagoela sentitzen dut".

Benetako sorginak

Aurkezpen hauei esker euskal historiako pasarte ilun bat ezagutu ahalko dute australiako irakurleek. "Gogotik saiatu naiz xehetasun historiko guztiak zuzen jasotzen, orduak eta orduak eman ditut -gustura- artxiboetan, museoetan eta liburutegietan ikertzen, eta oso pozik nago, irakurleek hori nabaritu egin dutelako. Euskarazko hitzekin zipristindu dut testua, ingeles irakurleek gure hizkuntza eta kulturaren apur bat sentitu dezaten", esan du.

Echeverriaren ustez sorginen ideia ezaguna da AEBetako euskaldunen artean, haien nagusiei entzundako istorio eta kantuei esker. "Hala izan zen gure etxean, behintzat. Baina oso desberdinak dira bertsio hori eta benetako 'sorgin' historikoena, 1610ean Inkisizioak Logroñon epaitu zituen emakume haiena. Pasarte horrekin egiten nuen topo, behin eta berriz nire ikerketa akademikoetan, eta azkenean eleberria idaztea erabaki nuen", gogoratu du.

Kalifornian ikertzen eta idazten, istorioa oso gertukoa sentitzen zuen Echeverriak. "Esperientzia katarkikoa eta argiegilea izan da, batez ere gertakari horiek Baztanen gertatu zirelako, nire familiaren sorterrian".

AEB, Australia eta... Euskal Herria?

Idazlea AEBetan barrena ibili da liburua aurkezten, euskal etxe eta unibertsitateetan: Kalifornian (Claremont eta Riverside); Washington DCn, New York, Idaho (Boise eta Homedale) eta Ontario, Oregonen. "Aurkezpen berriak ari naiz ixten Coloradon (Denver), Nevadan (Gardnerville eta Reno); Sarah Lawrence College-en (New York) eta Rhode Island-en. Oso kontent nago nire nazioarteko lehen aurkezpena gehitu dudalako Sydney-kin, baina espero dut ez dela azkena izango!".

Eleberriak poz handia ekarri dio dagoeneko Kaliforniako euskaldun honi, baina badu oraindik gurari bat betetzeko: "Liburua euskaraz argitaratzea da nire ametsa, eta agian baita gaztelaniaz eta frantsesez ere. 2014an Durangoko Azokan izan nintzen eta zenbait editorekin bildu nintzen, hori lortzeko esperoan. Behatzak gurutzatuta mantendu ditzagun!".

Datozen hilabetetan Euskal Herrira bidaiatzea espero du Echeverriak, Noka taldearekin. Begoñak eta Kaliforniako beste bi emakumek osatzen dute taldea, eta euskaraz abesten dute. Disko berria grabatu zuten urtarrilean AEBetan, Mikel Markezekin, eta aurki argitaratuko da. Beste istorio bat da, beste abentura bat, eleberriarekin zerikusirik ez duena. Edo agian bai? Aurki berri onak ematea espero dugu!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia