Uztailaren 14an Kalifornia aldera abiatuko da Begiz Begi talde euskalduna, "Joan ihes egin baino lehen" diska berria aurkezteko bertako euskaldunei. Taldeak bi kontzertu emango ditu, San Frantziskon eta Chinon. Tartean Los Banosen eta Bakersfield-en ere izango dira, Diasporako kideak elkarrizketatzen dokumental baterako. Musika izango da lan horren ardatza eta Euskal Herrian erakutsiko dute, AEBetako euskaldunen mundua ezagutarazteko.
Donostia-San Sebastián. Begiz Begi taldeko kideak irrikaz dira Ameriketarat abiatzeko eta Kalifornian euren musika aurkezteko. Taldeak bira labur bat egingo du, uztailaren 14tik 23ra, bertako euskal diaspora ezagutu eta eurekin harremanak estutzeko.
"Taldeko musikarien familietan han egon diren senideak ditugu, han egon eta itzuli direnak. Horregatik harreman aski berezia dugu Kaliforniako diasporarekin"; esan dio EuskalKultura.com-i taldeko kide Xabi Etcheverryk. "Txikitatik, artzainei buruzko ixtoriak eta lekukotasunak entzun ditugu eta hemengo kontzientzian egoiten dira horrelako ixtoriak".
Bost lagunek osatzen dute taldea: Patxi Amulet (ahots nagusia, gitarra, esku soinua), Sébastien Luc (gitarra), Nicolas Armendariz (bateria), Peio Lambert (baxua) eta Xabi Etcheverry (bigarren ahotsa eta arrabita).
Zortzi urteko ibilbidea du eta "Joan ihes egin baino lehen" diskoa dute azken lana. Taldea musika herrikoietik abiatu eta rock soinuetara iritsi da azken urteetan. Disko berria entzuteko jo www.begizbegi.com webgunera.
Taldeak bi kontzertu emango ditu Kalifornian: aurrena San Frantziskon, uztailaren 17an, eta bigarrena Chinon, uztailaren 19an. Etcheverryk azaldu duenez emanaldietan hasieran euren konposaketak eskainiko dituzte, rock estilokoak, eta gero entzuleek ezagutzen dituzten abestiak eskainiko dituzte, publikoak abestu eta goza ditzan. "Publikoaren arabera, beste abesti eta beste estilo batzuk proposatuko dugu jendea parte harrazteko helburuarekin", gehitu du.
Diasporari buruzko dokumentala
Bidaia hartu-eman gisa ulertzen dute musikariek eta Diaspora hobeto ezagutzea da euren helburua. Kontzeruak emateaz gain, taldekideek euskal Diasporari buruzko dokumental bat ere grabatu nahi dute, "Hemengo Begiak" argazkilari eta bideoegileen lankidetzarekin.
"Ideia da belaunaldi desberdin batzuen lekukotasunak biltzea, bai Kalifornian eta bai Iparraldean, "Oihartzuna" gaiaren inguruan. Musika gidoi nagusia izanen litzateke eta bildutako informazio guziak taldearekin musikatuko ginituzke", azaldu du Etcheverryk.
Kontzertuen arteko egunak dokumentalerako elkarrizketak eta abar grabatzeko baliatuko dituzte, eta horregatik, proiektuan parte hartu nahi duen edonori eurekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten diete. Horretarako, idatzi e-maila begizbegi.taldea@gmail.com helbidera.