euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Begiraleentzako tailerraren balantzearekin batera “Haztearren, gogoeta” jardunaldien data jakinarazi du FEVAk

2016/07/06

Argentina osoko 40 bat monitorek hartu zuten parte Tailerrean (argazkia Agustina Monterrosa)
Argentina osoko 40 bat monitorek hartu zuten parte Tailerrean (argazkia Agustina Monterrosa)

PUBLIZITATEA

Euskal etxeetako kide txikiez arduratzen diren begiraleei begirako tailer bat egin du lehen aldiz FEVAk. Aktibitatearen balantzea oso ona izan da partaideen esanetan, “bi egunetan zehar ikasi ez ezik, hainbat esperientzia partekatu ahal izan genituelako ekintza bera egiten dugun hainbat lagunok”. Bere programarekin jarraituz, “Haztearren, gogoeta” hurrengo jardunaldiak abuztuaren 6 eta 7an izango direla iragarri du Federazioak.

Buenos Aires, Argentina. “Haztearren, gogoeta” 2016ko bigarren jardunaldiak Rosario hirian izango dira, bertako Zazpirak Bat Euskal Etxea antolatzaile, abuztuaren 6 eta 7an. Euskal etxeetako kide gazteak animatu eta trebatzeko asmoa duen FEVAko ekimenean euren kezka eta proposamenak mahaigaineratuko dituzte euskal etxeetako ordezkariek FEVAren agintariekin eta tailerraren koordinatzailea den Ana Idigorasekin, irtenbideak aurkitze aldera.

Hausnarketak bideratzeko, galdera hauen inguruan gogoeta egitera animatzen du Federazioak: Zein da FEVAren funtzioa eta izateko arrazoia? Zein da euskal etxeen funtzioa eta izateko arrazoia? Zein aktibitate garatzen dira euskal etxeetan? Zeintzuk dira ekintza garatzeko dauden zailtasunak? Aldaketarik behar da?

Jardunaldiak programa honi jarraituko dio

-Larunbata, abuztuaren 6a, goizeko 10etan: topaketaren hasiera. Gaua bitarteko lana, 21ak arte. Afaria;
-Igandea, abuztuaren 7a, 10etan: lanaren jarraipena eta emaitzak. Eguerdiko ordu 1ean, topaketa amaitzeko bazkaria.

Izena emateko epea uztailaren 25ean bukatuko da. Euskal Etxeek euren ordezkarien datuak bidali behar dizkiote FEVAri (feva2000@fibertel.com.ar) izen-abizenak, adina eta NAN adieraziz.

Txikien begiraleentzako tailerra

Ekainaren 25 eta 26an egin zen Laurak Bat Euskal Etxeko instalazioetan Txikien Begiraleentzako FEVAren Tailerra. Asteburuan zehar, Argentina osoko euskal etxeetako 40 bat kidek txikiekin nola lan egin aztertu zuten beti ere txikiak erakundeetako hazitegia direla gogoan.

Elkarretaratzean honako puntu hauek jorratu ziren: zein aktibitate egiten diren euskal etxeetan umeei begira, nolakoak diren taldeak eta txikien taldeek batzordeetako babesa duten. Materialari buruz ere hainbat gogoeta egin ziren, tartean, nola egiten duten monitoreek materiala eskuratzeko, nola sortu ahal den material berria, aktibitate guztiak –dantza, kultura, euskara eta abestiak– bildu ahal dituen materiala erabilgarri suerta daitekeen eta ea euskal etxe guztietan materiala bera erabiltzea posible izango den.

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko ordezkari den Agustina Monterrosak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “oso esperientzia ona izan zen, norberarentzat eta txikiak dituzten euskal etxeentzat". "Gure kasuan adibidez, txiki ugari ditugu eta Tailerrean kultura eta hizkuntza irakasteko jolas berri asko ikasi genituen. Horretaz aparte, umeak euskal etxera erakartzeko aholku batzuk aipatu ziren eta hori oso baliagarria izango da euskal etxe batzuentzat. Didaktika ere landu genuen, umeen aurrean nola jokatu, hau da,  jolasteari utzi gabe autoritatea nola mantendu. Beste alde batetik, euskal etxeetako begiraleen arteko harremanak sendotzeko ere balio izan zuen; beraz balantzea positiboa da oso zentzu guztietan”.

Tailerraren baitan, geroari begirako zein urrats eman behar diren eta 2016ko eta 2017ko Txikien Topaketaren inguruko aurreikuspenak egin ziren.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia